Hizkuntzei buruz

 

 

 

1. Zenbat hizkuntza daude munduan?

 

 

6.500 hizkuntza inguru daude, gehienak desagertzeko arriskuan. Hizkuntza gehienak Asian daude. Herrialde bakar batean, Papua Ginea Berrian, hain zuzen ere, 700 hizkuntza inguru hitz egiten dira. Europan 50 hizkuntza inguru daude. Euskal Herrian lau daude: euskara, gaztelania, frantsesa… eta gaskoia.

 

 

2. Munduko zer hizkuntza da ikasteko zailena? Eta errazena?

 

 

aldera horri erantzutea oso zaila da. Kontuan izan behar da pertsona bakoitzak zer ama-hizkuntza duen edo zer hizkuntza jaso duen. Adibidez, gaztelaniadunentzat galegoa oso erraza da, ziur asko errazen ikasten duten hizkuntza, baina ez zaie hala irudituko ingeles-hiztunei, haientzat oso zailak baitira hizkuntza erromanikoetako aditz-morfologiak. Nire ustez, ingeles-hiztun batentzat afrikaans da errazen ikas daitekeen hizkuntza. Nik ikasi ditudan hizkuntzen artetik, nahiz eta gainetik besterik ez dudan ikasi, navajoa iruditu zait zailena. Europar batentzat hizkuntza ikastea zail egiten duten ezaugarri guztiak ditu: txineraren moduko sistema tonala, morfologia oso konplexua eta mundua ikusteko modu guztiz desberdina. Zalantzarik gabe, munduko hizkuntza guztien artetik idazteko zailena japoniera da. Karaktere txinatarrak erabiltzen ditu (batzuetan bi ahoskerarekin, bata txinatarra eta bestea japoniarra), silabario bat (alfabeto-moduko bat) karaktere txinatarren bidez adierazteko zailak diren gramatika-funtzioetarako, eta beste silabario bat atzerriko hitzak adierazteko. Batzuetan, egoera espezifikoetan, gure alfabetoa ere erabiltzen dute.

 

 

3. Zein da hizkuntza bat ikasteko modurik egokiena?

 

 

Hasteko modurik egokiena oinarrizko egiturak eta 100-300 hitz erabilienak ikastea da. Horrek esan nahi du jakin egin behar dela aditz-denbora gehienak erabiltzen, izen-sintagma oso bat eraikitzen, konparazioak eta superlatiboak erabiltzen, hitz gakoak sartzen, etab. Horrez gain, etengabe entzun behar da hizkuntza, ulertu eta hitz egin ahal izateko. Nolanahi ere, hobe da oinarrizko hitzak eta egiturak oso ongi jakitea, hitz batzuk jakin bai baina oinarrizko gramatika ez menderatzea baino. Ondoren, hiztegia ikasi behar da era sistematikoan, eta buruz ikasi behar dira hitzak “familia lexiko”ka, esaterako, fruta, barazkiak, familia, gorputz-atalak, etab. Testuinguru bakoitzean erabiltzen diren esamoldeak ere ikasi behar dira, esaterako, nola galdetzen zaio adina pertsona bati, nola egin familiari buruzko galderak, etab. Azken ohar bat: hizkuntza bat ikastearen prozesua ez da inoiz amaitzen, ezta ama-hizkuntza ikastearena ere. Etengabe sortzen dira termino berriak, aurretik inoiz entzun gabekoak, etab.

 

4. Ingelesaren ondoren, zer hizkuntza ikasi beharko nuke?

 

Galdera hori oso pertsonala da. Ikusi egin beharko litzateke zer dakizun dagoeneko eta zer erabiliko duzun gehien. Europan (Errusia kontuan hartu gabe), ingelesaren ondoren alemana da hizkuntzarik zabalduena eta botere ekonomiko handiena duena. Frantsesa da hurrengo hizkuntza boteretsuena. Baina negozioak Lisboan egiten dituen pertsona batentzat, behar-beharrezkoa da portugalera ikastea, noski. Eta horrek berdin balio du italierarentzat Italian, polonierarentzat Polonian, etab. Euskal Herrian bizi den norbaitek euskaraz ez badaki, biziki gomendatzen diot pixka bat behintzat ikas dezala, baztertua senti ez dadin. Gainera, sinetsi ala ez, beste hizkuntza hitz egiteak lotura bat sortzen du hiztunen artean. Txinera munduko bigarren hizkuntza bihurtzeko bidean da, eta merkatu txinatarraren potentzial handiak eta Txinako ekonomiaren hazkunde ikaragarriak haien hizkuntza ikasi beharra ekarriko du. Izan ere, txinatarrek produktuak ingelesez esportatzen badituzte ere, nahiago dute txineraz esportatu. Ni neu seme-alabak txinera ikastera animatzen ari naiz.

 

 

5. Ingelesaz gain, irakasten al duzu beste hizkuntzarik Morris

Academyn?

 

 

Irakatsi izan ditugu frantsesa eta alemana baina, egia esan, ingelesak du eskaerarik handiena eta eskaera horri erantzuteko ahaleginak egiten ari gara.

 

 

6. Etorkizunean, zer hizkuntza izango dira garrantzitsuenak?

 

 

Hizkuntza baten garrantzia hiztun-kopuruagatik eta botere politiko eta ekonomikoagatik neur baldin badaiteke, bi kandidatu bakarrik daude mundu osoa hartuz gero (gainerakoak, asko jota, eskualdeetan izango dira garrantzitsuak): ingelesa eta txinera. Ingelesa izango da munduko lingua franca denbora luzean. Gaur egun, lingua franca da dagoeneko Europar Batasunean, Ozeanian, Asiako zatirik handienean eta Afrikako leku gehienetan. Latinoamerikan ere erdi-mailako klaseko jende askok —eta goi-mailako klaseko jende gehienak, noski— erraztasunez hitz egiten du ingelesa. Nolanahi ere, biztanle-kopuruaren (munduko biztanleria osoaren %25) eta hazkunde ekonomiko azkarraren ondorioz, Txinako ekonomia izango da boteretsuena, alde handiz, eta etorkizunean txinera bilakatuko da Asia ekialdeko eta hego-ekialdeko hizkuntza nagusia.

 

 

7. Posible al da pertsona bat benetan elebiduna edo hirueleduna

izatea?

 

 

Teorian, guztiz posiblea da, baina zehaztu egin behar dugu zertaz ari garen. Bi hizkuntza edo gehiago hitz egiteaz ari bagara, posible da eta, gainera, mundu honetako milioika eta milioika pertsonek bizi duten errealitatea da. Baina hizkuntzak maila beren hitz egiteko gaitasuna hartzen badugu elebitasuntzat (edo eleaniztasuntzat), ez dut horren argi ikusten.

 

 

8. Zergatik dira normalean ingeles-hiztunak (estatubatuarrak,

ingelesak, australiarrak) horren txarrak hizkuntzak ikasten?

 

 

Termino orokorretan, esperientziak esaten dit tradizio hedatzaile eta inperialistadun kulturetatik datozen pertsonak desabantailan daudela hizkuntza berri bat ikasterakoan, bereziki, kultura murriztuetako pertsonekin alderatzen baditugu. Adibidez, duela gutxi eginiko ikerlan baten arabera, britainiarrak eta irlandarrak dira gaitasun linguistiko gutxien duten europarrak (irlandarren kasua harrigarria da, han behintzat Irlandako gaelikoa irakasten delako). Espainiarrak, italiarrak eta frantsesak ere oso atzean daude, gaitasun gutxikoenen artean. Inperioen legatua dute, haien mende izan dituzte lurralde zabalak eta lurralde horietako biztanle askok edo gehienek inperioaren hizkuntza ikasi zuten. Laburbilduz, besteek haien hizkuntzak ikastera ohituta daude, eta ez haiek beraiek besteen hizkuntzak ikastera. Jende gehienak ez du gustuko izaten lan egitea eta hizkuntzak ikasteak ahalegin bat eskatzen du. Horregatik, logikoa da kultura handietatik datozen pertsonek normalean beste hizkuntzarik ez ikastea, horretarako beharra ez badute behintzat. Berez, ikerlan horren arabera, hizkuntzak ikasteko erraztasun handiena duten europarrak ez dira holandarrak eta eskandinaviarrak soilik; talde horretan daude Europako ekialdeko nazio txikietako biztanleak ere (esaterako, esloveniarrak, kroaziarrak, albaniarrak, etab.). Agian arrazoia izango da herrialde txiki horietako biztanleek badakitela atzerritarrek ziur aski ez dutela esloveniera, albaniera, finlandiera edo nederlandera ikasiko, eta, horregatik, motibatuago daude eragin handiagoko hizkuntzak ikasterako orduan, hartara munduarekin komunikatu ahal izango dutelako. Egoera ikusita, ez da harritzekoa estatubatuarrak, australiarrak eta zeelanda berritarrak, esaterako, atzerriko hizkuntzak ikasteari dagokionez atzealdean egotea. Haien herrialdeek immigrazio masiboa bizi badute ere eta esportazioekiko gero eta mendekotasun handiagoa badute ere, nahiko estatubatuar, australiar eta zeelanda berritar gutxik ditu benetan atzerriko hizkuntzaren baten ezaguera funtzionalak. Ezaguera horiek dituzten gehienek atzerrian jaiotako gurasoak dituzte. Hau da jarrera nagusia: zergatik ikasi behar dugu beste hizkuntzaren bat mundu guztiak baldin badaki ingelesa edo guztiak ari badira ikasten? Jarrera harroa izan daiteke, baina antzeko jarrera dute frantsesek, britainiarrek, espainiarrek, errusiarrek edo txinatarrek beren mugen barruan hitz egiten diren hizkuntzekiko.

 

 

9. Norbaitek "X hizkuntza hitz egiten dut" esaten badu, zer esan nahi

du zehazki? Beharrezko al da diploma bat izatea benetan hizkuntza

bat menderatzen duzula esateko?

 

 

Esaten da pertsona batek hizkuntza benetan menderatzen duela hizkuntza horretan erlijioari edo politikari buruzko eztabaida bat izateko gai bada. Adierazle hori nahiko ona da. Izan ere, norbaitek esaten badizu infernura joango zarela edo ez zela inoiz holokaustorik izan, zure ikuspuntua adierazteari jartzen diozu arreta, eta ez indikatiboko singularreko hirugarren pertsonari, izena femeninoa, maskulinoa edo abstraktua izateari, edo nominatiboan, akusatiboan, ilatiboan edo ergatiboan egoteari. Diploma bat erabilgarria da atzerriko hizkuntza bat hitz egiten duzula frogatu behar baduzu soilik. Hala ere, batzuetan balio izaten du hizkuntza jakin bateko ezagutzak hobetzera animatzeko. Niri, esaterako, euskaran D maila izateak (EGA ziurtagiriaren baliokidea) asko lagundu dit karrera profesionalean, batez ere, Euskal Herriko ikastetxeetan eta Unibertsitatean lan egin ahal izateko. Gaztelanian eta ingelesean gaitasunak ditudala frogatzen duten diplomak ditut, baina ez portugalera dakidala adierazten duen diplomarik, nahiz eta portugalera gaztelania baino hobeto hitz egiten dudan, eta, ziur asko, baita euskara baino hobeto ere.

 

 
Morris Academy - Santa Marina 3, behea 20800 - Zarautz (Gipuzkoa) - Tel: 943130257
Copyright © 2012 MORRIS ACADEMY - All rights reserved
Panel