Ikastaroak
Sarrera
Filosofia
Morris Academy-n badakigu zer zailtasun dituen hizkuntza bat ikasteak. Fundatzaileak bizitza osoa eman du hizkuntzak ikasten eta esperientzia hori erabiltzen du bere ama-hizkuntza, ingelesa, irakasteko Zarauzko ikasleei.
Euskal Herriko zenbait ikastetxetan ingelesa irakastearen arazoa
Euskal Herriko irakaskuntza modernoaren alderdi polemiko eta gatazkatsuenetako bat hauxe da: hizkuntzak irakasteko errealitatean erabiltzen den metodologia. Teoria, metodo eta testuliburu ugari daude baina, azken finean, garrantzitsuena ikasleek hizkuntza ikastea da. Ikastetxeetan atzerriko hizkuntzak irakastearen arazo nagusietako bat ikasgelen banaketa da; ikasleak taldetan banatuta egoten dira ingeleseko eskolak jasotzerakoan, baina talde horiek ez dira ikasleen ingeles-mailaren edo ingelesez hitz egiteko gaitasunen arabera osatzen. Adibidez, 4. DBHko ikasleak 4a, 4b, 4c eta halako taldetan banatzen dira ingeleseko eskolak jasotzeko. Talde bakoitzean maila desberdina duten ikasleak biltzen dira baina, taldea ezin denez zatitu, batera jasotzen dituzte eskolak. Horregatik, ikastetxetik kanpo eskolak jasotzen dituztenek, jasotzen ez dituztenek baino maila askoz hobea lortzen dute. Ingelesez hitz egiten den herrialdeetan izan diren ikasleek izan ez direnek baino askoz ere ingeles gehiago dakite. Askotan, “gehiegi” dakiten ikasleak aspertu egiten dira, eta “gutxiegi" dakitenek, berriz, frustrazioa sentitzen dute eta ezinikusi moduko bat sortzen zaie ingelesarekiko; normalean ez dute ikasgaia gainditzen.
Beste arazo bat da ikasleek ariketak egitearen bitartez soilik ikasten dutela ingelesa maiz, nahiz eta askotan ez dakiten zer ari diren esaten benetan. Sarritan, gutxi hitz egiten da ingelesez ikasgeletan eta, asko hitz egiten denean ere, irakasleen ama-hizkuntza ez da ingelesa izatean eta ez du inolaz ere ingeles-hiztun jatorren moduan hitz egiten. Eta hori gutxi balitz, ikasleek normalean ez dute ingelesik entzuten eskolatik kanpo. Holandako edo Eskandinaviako biztanleek, esaterako, telebista jatorrizko bertsioan ikusten dute, nahiz eta azpitituluak haien hizkuntzan egon.
------
Guk adin eta maila guztietarako ikastaroak eskaintzen ditugu, eta oinarrizko zatiketa bat egiten dugu: haurrentzako ikastaroak eta helduentzako ikastaroak.
Haurrentzako eta gazteentzako ikastaroak
Normalean haurrak 6 urterekin hasten dira akademian, baina badira salbuespenak. Dena den, zenbait maila ditugu.
LK maila
6-7 urteko haurrentzat
K1 maila
7-8 urteko haurrentzat
K2 maila
8-10 urteko haurrentzat
K3 maila
9-11 urteko haurrentzat
K4 maila
11-14 urteko haurrentzat
H1
12-14 urteko gazteentzat
H2
13-17 urteko gazteentzat
Helduentzako ikastaroak
Hasiberriak
Maila honetan zerotik hasten gara.
Oinarrizko maila
Maila honetan ikasleak gai dira oinarrizko gaiei buruzko elkarrizketak izateko.
Tarteko maila
Maila honetan ikasleak gai dira egoki hitz egiteko, erraztasunez hitz egiten ez badute ere.
Helduentzako maila aurreratua
Maila honetan ikasleak gai dira gai gehienei buruzko elkarrizketak izateko nolabaiteko erraztasunarekin. Ikasleek beren burua presta dezakete First Certificate eta Advanced azterketetara aurkezteko.
Maiz egiten diren galderak
1. Noiz has naiteke?
Eskolak normalean urrian hasten dira. Hala ere, ikasleak edozein unetan has daitezke, beti ere lekua baldin badago dagokien taldean.
2. Nahikoa leku al dago taldeetan?
Batzuetan bai eta besteetan ez. Egia esan, gero eta errazagoa da eskaerari erantzutea. Oro har, ez ditugu 10 pertsona baino gehiago hartzen talde bakoitzean. Komeni da urrian ikasturtea hasi baino lehenago etortzea lekua ziurtatzeko. Gelak beteta baldin badaude, nahiz eta guk hala nahi izan, ezin ditugu matrikulazio guztiak onartu.
3. Zerk bereizten du beste ingelestegiengandik?
Guk benetan lantzen ditugu hizkuntzaren lau abilidadeak: mintzamena, idazmena, irakurmena eta entzumena. Ahalegin handia egiten dugu ikasleek gela barruan ingelesez hitz egin dezaten une oro. Hori dela eta, ikasleek etengabe entzuten dute ingelesa eta ingelesez hitz egitera behartuta daude. Era berean, gramatika- eta hiztegi-ezagutzak finkatzen dituzte Apple ordenagailuen bidez. Gainera, eskola guztiak gogo eta interes handiz ematen dira. Ondorioz, ikasleak ez dira aspertzen. Gure irakasmateriala (irakurgaiak, gramatika-ariketak, programa informatikoak) hizkuntzak ikasteari buruz dugun filosofian oinarrituta egin da, eta filosofia honako hau da: 1) oinarrizko egiturak ikastea; 2) oinarrizko hiztegia ikastea, batez ere testuinguru baten barruan; 3) etengabe berrerabiltzea, errepikatzea eta sendotzea. Horregatik, gure ikasleek ez dute ariketen bidez bakarrik ikasten, gero ikasitako guztia ahazteko. Labur esanda, ingelesa ikasten dute. Benetan. Morris Academy zentro abangoardista da hizkuntzen ikasketari buruzko berrikuntzen gaian. Azkenik, ikastaroak eskaintzen ditugu Estatu Batuetan, eta han ikasleek familia estatubatuar batekin bizitzeko aukera dute. Gu joaten gara ikasleekin batera, eskolak ematen ditugu han eta behar duten guztian laguntzen diegu egonaldi osoan zehar.
4. Aipatu duzu ordenagailuak dituzuela akademian. Nola erabiltzen
dira hizkuntza ikasteko?
Diru asko erabiltzen dugu gure ordenagailuak berritzeko (Apple Emac ordenagailuak). Funtsean, ordenagailuak ariketa-koaderno elektroniko modukoak dira; hala ere, gaur egun, teknologia modernoari esker, ariketa-liburu edo -orriek bete ezin dituzten funtzioak betetzen dituzte ordenagailuek: 2006-2007 ikasturtean, bereziki eskatutako gure programa informatikoek soinu-fitxategiak eta bideo-flashak izango dituzte. Horrek guztiak ikaslearen ikasketa-prozesua hobetzen lagunduko du.
5. Nola irakasten da geletan? Zer metodologia erabiltzen da?
Batez ere, ingelesaren oinarrizko egiturak irakasten ditugu, eta etengabe errepikatzen ditugu ikasleak bereganatzen dituen arte. Beste zentro batzuetan, testu-liburuak bakarrik erabiltzen dituzte neurri handi batean, liburuko ariketak egiten dituzte bata bestearen atzetik. Guk, aldiz, hainbat ariketa-mota ditugu ikasi ahal izateko, baita jokoak ere, eta etengabe eraldatzen ditugu; horri esker, hizkuntza ikastea dinamikoagoa da. Ikasleek guk bereziki prestatutako irakurgaiak irakurtzen dituzte, benetako ingelesa entzuten dute bideoen bidez, eta ikusitakoarekin lotutako galderak erantzuten dituzte. Era berean, ordenagailuak erabiltzen dituzte egitura gramatikalei eta hiztegiari buruz ikasitakoa finkatzeko. Gure ikuspegia oso eklektikoa da, hau da, ikasleei baliagarri izan dakiekeen ariketa- edo metodo-mota oro erabiltzen dugu: ikus-entzunezkoak, komunikatiboak, etab.. Gainera, uste dugu garrantzitsua dela ikasleek hiztegia “hitz-familia” bidez ikastea, hori baita metodorik eraginkorrena denbora gutxian hitz asko ikasteko.
6. Zenbat denbora behar da ingelesa ikasteko?
Oso zaila da galdera hori erantzutea. Pertsonaren gaitasunen eta adinaren baitan dago dena, bai eta pertsona horrek ingelesa ikasten ematen duen denboraren eta erabiltzen duen metodologiaren baitan ere. Horrez gain, ikusi behar da zer esanahi duen pertsona bakoitzarentzat “ingelesa ikasteak”. Ingelesez nor bere kasa moldatzeko gaitasuna adierazten al du? Pertsona horrek First Certificate diploma eskuratu duela esan nahi al du? Gehienetan, oinarrizko hiztegia eta oinarrizko egiturak era sistematikoan ikasten dituen jendea gai izaten da ikasturtearen (urritik ekainera bitartekoa) amaieran edozein hizketa-gairi buruz mintzatzeko hiztegi baten laguntzarekin. Noski, ikasleak ikasi egin behar du eta etengabe finkatu ikasitakoa. Arazorik handiena izaten da natiboak ulertzea azkar hitz egiten badute, dialektoa arraroren bat erabiltzen badute edota jargoia erabiltzen badute. Dena den, posible da oinarrizko ingelesaren bidez komunikatzea.
7. Irakasle natiboek bakarrik ematen al dituzte eskolak zuen
ingelestegian?
Bai, ingeleseko natiboak diren irakasleek soilik.
8. Ikastaro trinkoak eskaintzen al dituzue?
Hilabete batean edo bitan egunean ordu askoz ematen diren ikastaroez ari bagara, ez, ez dugu halakorik eskaintzen. Zarautzen ez dago era horretako ikastaroen eskaera handirik. Sentitzen dut.
9. Udako ikastaroak eskaintzen al dituzue?
Oraingoz, Zarautzen ez. Estatu Batuetara joaten gara uztailean eta han ematen ditugu eskolak.
10. Eskaintzen al dituzue ikastaroak goizez?
Lehen ematen genituen eskolak goizez, baina orain goizetan ikerketan eta klaseak prestatzen aritzen gara.
11. Zer ikasketa-plan jarraitzen duzue ingelestegian?
Zarauzko eskolen programa berak erabiltzen ditugu, esaterako, Antoniano Ikastetxearena, Ikastolarena, La Sallerena, Orokietarena, Maria Inmaculadarena eta halakoena.
12. Zer eratako ingelesa irakasten duzue akademian, Britainia
Handikoa ala Estatu Batuetakoa?
Britainia Handiko ortografia erabiltzen dugu, eta ahoskera ziur asko Estatu Batuetako ingelesaren antzekoa izango da gehiago: Atlantiko erdialdeko ingelesa dei geniezaioke (Mid-Atlantic English), izan ere, ez da ez guztiz estatubatuarra ez guztiz britainiarra. Ingeles hori da europar gehienek hitz egiten dutena, Irlandako eta Erresuma Batuko hiztunak kenduta, noski. Holandara edota Eskandinaviara bidaia bat eginez gero, adibidez, ingeles hori topatuko dugu.
13. Ingelesaz gain, irakasten al da beste hizkuntzarik Morris
Academyn?
Duela zenbait urte frantsesa eman genuen pare bat urtean. Alemaneko eskolak ere eman genituen urte batean, baina, oro har, benetako eskaera beti ingelesarena izan da.
|