Ingelesari buruz

 

 

 

Maiz Egiten Diren Galderak

 

 

 

1. Zer ingeles-mota da hobea, Britainia Handikoa ala Estatu

Batuetakoa?

 

Galdera hori oso subjektiboa da. Bi herrialde horietako edozein pertsona jantzik ongi hitz egiten du, nahiz eta badiren desberdintasunak hiztegian, ahoskeran eta, batzuetan, gramatikan. Britainia Handiko ingelesa ikasiz hasi zirenek nahiago izaten dute Britainia Handikoa, eta gauza bera gertatzen da Estatu Batuetako ingelesa ikasiz hasi zirenekin ere, nahiago izaten dutela Estatu Batuetakoa. Erreginak hitz egiten duen ingelesak (RP ingelesa izenez ezagutzen denak) ospe handia du, eta askoren ustez dotoreagoa da Estatu Batuetako ingeles estandarra baino, “network English” (telebistan aditzen den ingelesa) izenez ezagutzen dena baino. Dena den, errealitatean ia inork ez du hitz egiten erreginaren ingelesa. Kalkuluen arabera, gutxi gorabehera Erresuma Batuko herritarren %5ek hitz egiten du errealitatean ingeles hori, gainerako herritarrek dialektoak hitz egiten dituzte eta desberdintasun handiak egon daitezke eskualdearen eta gizarte-mailaren arabera. Estatu Batuetako ingelesa, berriz, oso zabalduta dago. Estatubatuarren eta kanadarren %80k hitz egiten du, desberdintasun txiki batzuekin. Ingelesezko film eta programa gehienak Estatu Batuetako ingelesean emititzen dira, eta horrek azaltzen du zergatik duten horrenbeste europarrek Estatu Batuetako ingelesaren antzeko ahoskera, RP ingelesaren antzekoa izan beharrean.

 

2. Erresuma Batua eta Irlanda alde batera utzita, zer ingeles-mota

hitz egiten da Europan?

 

Europako beste leku batzuetan ere ingelesa hizkuntza ofiziala da: Maltan eta Gibraltaren. Britainia Handiko ingelesa hango bertako azentuekin apaindutako ingelesa da noski. Eskandinavian eta Holandan, ingelesa bigarren hizkuntza da, hango herritarrek dena ulertzen baitute eta erraztasunez hitz egiten baitute. Herrialde horietan, Atlantiko erdialdeko ingelesa (Mid-Atlantic English) hitz egiten da. Britainia Handiko eta Estatu Batuetako ingelesaren arteko nahasketa moduko bat da; agian Estatu Batuetako ingelesaren antz gehiago du telebistaren eta Hollywoodeko filmen eraginez. Gainerako lekuetan, azentu nabarmena izaten dute ingelesez hitz egitean. Dena den, errazagoa da Euroenglish (Europako ingelesa) ulertzea natiboek hitz egiten duten ingelesa ulertzea baino.

 

3. Zer ingeles da gehien erabiltzen edo irakasten dena munduan?

 

Europan, Britainia Handiko ingelesa irakasten da normalean, nahiz eta zenbait europarrek konturatu gabe Estatu Batuetako ahoskerara jotzen duten komunikabideetan zabalduen dagoena delako. Mendebaldeko hemisferioko biztanleek, arrazoi jakinengatik, Estatu Batuetako ingelesa ikasten dute. Afrikan, arrazoi jakinengatik han ere, Britainia Handiko ingelesa dute eredutzat (Liberian izan ezik) kolonia britainiarren ondareari esker. Sahara azpiko Afrikan botere eta biztanle gehien duten herrialdeetan ingelesez hitz egiten dute: Nigerian eta Hegoafrikan. Asiako egoera konplexuagoa da. Japonian Estatu Batuetako ingelesa irakasten da nagusiki. Asiako hego-ekialdean ere, Estatu Batuetako ingelesa da nagusi britainiarrek inoiz gobernatu ez dituzten herrialdeetan. Britainiarrek noizbait gobernatu dituzten herrialdeetan, berriz, Britainia Handiko ingelesa irakasten da. Txinan, badirudi herritar gehienek Estatu Batuetako ingelesa ikasten dutela, baina Hong Kongen ez da hala gertatzen, noski.

 

4. Zein uste duzu izango dela etorkizunean ingelesaren funtzioa

Europan, munduan edota Espainian, Euskal Herrian edo Zarautzen?

 

Lingua franca bilakatu da ingelesa Europar Batasunean eta Europan. Bigarren Mundu Gerrak ingelesaren bidea erraztu zuen Estatu Batuetako eta Kanadako tropek mendebaldeko Europa okupatu zutenean Alemanian naziak garaitu eta gero. 1970ean hasi zen ingelesa Merkatu Bateratuan gailentzen, Erresuma Batua kide egin zenean. Europako herrialdeak Merkatu Bateratuko kide egiten joan ziren heinean, ingelesa indartzen joan zen. Egun, ekialdeko Europako herrialdeak Europar Batasunean sartu dira eta ingelesak nagusitasun osoa lortu du. Espainiak berandu aplikatu zuen ingelesaren irakaskuntza eraginkorra. 1986an sortu zen ingelesa ikasteko interesa Espainian, Europar Batasunean sartu zenean. Antza denez, espainiarrak ohartu ziren beharrezkoa zela ingelesa jakitea Europarekin harremana izateko, bai eta munduko gainerako lekuekin harremana izateko ere. Frantsesak laster utzi zion irakaskuntzan atzerriko lehen hizkuntza izateari. Hala ere, espainiarrak gainerako estatu kideak baino atzerago daude ingelesaren ezagutzari dagokionez, bai eta edozein atzerriko hizkuntzaren ezagutzari dagokionez ere. Errealitate hori agerian gelditu da, esaterako, Espainiako lehen ministroekin; izan ere, haietako inor ez da gai izan atzerriko hizkuntzaren bat gutxieneko erraztasunez hitz egiteko, karguan egon diren garaian behintzat ez. Egia esan, Espainiako politikari gehienek ez dute ingeles pixka bat ere hitz egiten. Javier Solanaren antzeko kasuak gutxitan aurkitzen ditugun salbuespenak dira. Alderatu egoera hori Portugalekoarekin. Han politikari nagusiek erraztasunez hitz egiten dute ingelesa. Euskal Herriaren barruan, badirudi Bilbon dagoela zabalduen ingelesa. Zalantzarik gabe, Ingalaterraren eta Bilboren arteko merkataritza-harreman estuen ondorio da hori. Elebidunek, oro har, erraztasun handiagoa izaten dute ingelesa ikasteko. Ingelesak bide luzea egin du azken 25 urteetan. Izan ere, duela 25 urte oso jende gutxik hitz egiten zuen ingeles pixka bat, frantsesa baitzen eskoletan irakasten zen atzerriko hizkuntza nagusia —edo bakarra—. Pixkanaka-pixkanaka, euskaldunak konturatu dira beharrezko dutela ingelesa jakitea beste herrialde batzuetara esportatu nahi badute; izan ere, gaur egun Espainiako merkatua ez da nahikoa zabala. Gainera, interneten sorrerarekin, euskaldun askok ikusi dute mundu osoko informazioaren zatirik handiena ingelesez dagoela. Ingelesari esker, euskaldunak gai dira munduko edozein tokitan dauden pertsonekin komunikatzeko, eta ez munduko biztanleriaren zati batekin bakarrik. Ingelesak gero eta garrantzi handiagoa izango du Euskal Herrian eta, agian, egunen batean, enpresetako askok ingelesez funtzionatuko dute gaztelaniaz funtzionatu beharrean, bizi dugun globalizazio-prozesuaren ondorioz. Euskal Herriko biztanleak, hegoaldean bizi direnak behintzat, beren historia dela eta, hirueledunak izango dira seguru etorkizun hurbilean. Zarauztarrek aurrerapen handiak egin dituzte ingelesaren ikaskuntzan. Turismoaren industriak ingelesaren erabilera bultzatu du, munduko alde guztietako turistak etortzen baitira. Gaur egun, hoteletan eta jatetxeetan lan egiten duten pertsona asko gai dira turistekin ingelesez komunikatzeko. Menuak ingelesez ere badaude. Zuzendaritza-postuetan dagoen jende askok seme-alabek ingelesa ikastea nahi du. Horregatik, Zarautzen zabaltzen ari da hizkuntza. 20 urte barru, ingelesa euskara edo gaztelania bezain zabalduta egongo da, nahiz eta ez den erraztasun beraz hitz egingo, noski.

 

5. Zein da ingelesa ikasteko metodorik onena?

 

Metodorik onena oinarrizko gramatika-egiturak ikastea eta behar bezala jakitea da. Horrek esan nahi du jakin egin behar direla aditz-denbora guztiak, jakin egin behar dela hitzak nola osatu, izen-sintagmak nola erabili, etab. Horrez gain, ikasleak oinarrizko hiztegia ezagutu behar du, eta ingeles asko entzun behar du “belarria egin” ahal izateko. Ez dago beste formularik horretarako.

 

6. Nola euts diezaioket lortutako mailari?

 

Eskoletara joateaz gain, ariketarik onenak dira telebista ingelesez ikustea, DVDak ingelesez ikustea (ingelesezko edo gaztelaniazko/euskarazko azpitituluekin), ingelesez irakurtzea interneten bidez, eta turistekin ingelesez hitz egiteko aukerak aprobetxatzea edo Europatik edo beste herrialde batzuetatik bidaiatzea.

 

7. Urte askoan jardun dut ingelesa ikasten baina oraindik ere ez naiz

gai filmetan eta telebistan esaten dutena ulertzeko. Zergatik

gertatzen zait hori? Zer egin dezaket?

 

Arazoa da liburuko ingelesa deritzona ikasi duzula, eta ez duzula ezagutzen errealitatean hitz egiten den ingelesa. Adibidez,


1a. Why don't you call them?
1b. Why dontcha call 'em?


2a. What did you say?
2b. Whatja say?


3a. I'm going to do something about it.
3b. I'm gonna do sumthin' aboudit (edo abou'it)


Ikus dezakezunez, ingelesez idazteko era eta hitz egiteko era askotan nahiko desberdinak izaten dira. Trukua da jakitea nola “jaten” dituzten hitzak natiboek.

 

8. Zergatik da ingelesaren ortografia horren nahasgarria, ilogikoa eta

irregularra?

 

Hizkuntzaren historia kontuan hartzen badugu, errealitatean ez da horren ilogikoa. Hitzen %87ren ortografia nahiko “logikoa” da. Ingelesa beste hizkuntza batzuen nahasketa da; anglosaxoniera, daniera, frantsesa, latina eta grekoaren nahasketa da eta, gainera, milaka hizkuntzetatik hartutako hitzak ditu. Latineko eta grekoko hitzen ortografia latinean oinarritzen da nagusiki. Horregatik, "community" hitza bi "m"rekin idazten da, "communitas" hitzak latinez bi "m" dituelako. Berriki hartutako hitz gehienek jatorrizko hizkuntzaren idazkerari eutsi diote. Hori dela-eta, "coup d'état", "Blitzkrieg", "jai alai", "aficionado", "auto-da-fé" eta halako hitzak jatorrizko hizkuntzan idazten diren moduan idazten dira ingelesez ere.
Ingelesaren ortografia irregularraren arazoa hitzen %13n dago gutxi gorabehera, eta hitz horiek dira arruntenak, hain justu. Gehienak hitz anglosaxoniarrak dira; antzina hitz horiek era batera ahoskatzen ziren, eta denborarekin ahoskera guztiz aldatu da. Esaterako, "light", "tough", "enough", "thought" eta halako hitzetan ageri den "gh" hori gaztelaniazko "j" edo alemaneko "ch" bezala ahoskatzen zen. Hots hori desagertuz joan da pixkanaka-pixkanaka (edo "f" bilakatu da) ingeleseko dialekto gehientsuenetan, baina ortografia ez da aldatu. Hala ere, ingelesa ezin da idatzi fonetikaren arabera; izan ere, horrek kalte handia eragingo lioke hizkuntzari, natiboek hitzak oso era desberdinetan ahoskatzen baitituzte. Horregatik, finkatuta dugu ortografia jada, nahiz eta bi estandar dauden: Estatu Batuetakoa eta Britainia Handikoa.

 

9. Zergatik dakite Holandan eta Eskandinavian horren ongi ingelesa,

eta zergatik dakigu hemen horren gutxi haiekin alderatuta?

 

Holandarrek eta eskandinaviarrek duten abantailetako bat da beren ama-hizkuntzak zuzenean lotuta daudela ingelesarekin, finlandiera salbu. Beste abantaila bat da ez dutela jasan behar bikoizketa zentzugaberik eta, horregatik, oso ohituta daudela komunikabideak ingelesez ikustera. Agian, haien hizkuntzek munduan eragin gutxi dutela jakiteak ere badu eragina. Horrek ingelesaren abantailak argi ikustarazten dizkie eta are gogotsuago saiatzen dira hizkuntza ikasten. Heldu gehienek oso ongi dakite ingelesa (oharra: uste dut paragrafoa luzeagoa dela baina ez da azaltzen jatorrizko testuan)
Aldera dezagun hori herrialde honetako biztanleekin. Zinemara joaten dira eta adierazkortasunik gabeko gaztelania artifizialean bikoiztutako film atzerritarrak ikusten dituzte. Gaztelaniaz ikusten dituzte "The Simpsons", "Baywatch" (“los vigilantes de la playa”) eta halakoak. Ia ez dute ingelesik entzuten, pop musikako abestietan izan ezik. Orain arte, ez dute ingelesa ikasteko beharrik sentitu, uste baitzuten gaztelania, munduko hizkuntza nagusietako bat, nahiko eta sobera zutela munduan moldatzeko.
Dena den, nahiko baikorra naiz etorkizunari dagokionez. Aurrerapen teknologikoek (DVDek, banda zabal bidezko interneterako konexioek), bidaiatzea zabaldu izanak eta pentsaera berriek aukera ematen diete herrialde honetako biztanleei ingelesa entzuteko nahi duten unean. Gero eta jende gehiagok emango die bizkarra bikoiztutako bertsioei, eta azpitituludun jatorrizko bertsioak ikusten eta entzuten hasiko dira. Ziur naiz 20 urte inguru barru Zarauzko gazteek Finlandiakoen moduan jakingo eta hitz egingo dutela ingelesa.

 

10. Zergatik dakite ingeleseko natiboek horren gramatika gutxi?

 

Ziur asko ingeleseko hiztunek ongi ezagutuko zuten gramatika duela hamarkada batzuk, baina 60ko hamarkadaz geroztik oso gramatika gutxi irakatsi izan da eskoletan. Garai hartan gizartean aldaketa handiak egon ziren eta erreformak egin ziren; hala, hezkuntzako nozio tradizionalak alde batera utzi eta "New Math" (matematiken irakaskuntzan) eta "New English" (ingelesaren irakaskuntzan) modukoak sortu ziren. Ingelesean komunikatzeko gaitasunari eman zitzaion garrantzia. Horrez gain, latina ikasteko joera eta, oro har, atzerriko hizkuntzak ikasteko joera, gutxitu egin da. Hori guztia dela-eta, nahiz eta gramatikako nozioak irakasten diren, ez dira benetan ikasten oso abstraktuak direlako. Horregatik, gaur egun ingeleseko hiztun gehienak, unibertsitate-ikasketak egin dituztenak barne, ez dira gai perpaus baten barruan infinitibo bat, partizipio bat edo preposizio bat identifikatzeko. Oso pertsona gutxik daki zer den aditz partikuladun bat eta gehienek ez dakite azaltzen zergatik diren okerrak gramatika-aldetik "*I don't can do it" edo "*I will can come tomorrow" perpausak. Eman dezaketen azalpen bakarra hauxe da: "arraroa dela".


 

Ingelesaren

jatorria eta historia

 

Eragin indoeuroparrak eta germaniarrak

 

Ingelesa hizkuntza indoeuroparren familiakoa da. Familia zabal horren barruan daude gaur egun Europan hitz egiten diren hizkuntza gehienak eta adar nagusi asko hartzen ditu baitan:

 

• Latina eta hizkuntza erromaniko modernoak
• Hizkuntza germaniarrak
• Hizkuntza eslaviarrak
• Hizkuntza indo-iraniarrak, kontuan hartuta sanskritoa, hindia, urdua, bengalera, persiera, kurduera
• Hizkuntza baltikoak: lituaniera eta letoniera (baina ez estoniera);
• Hizkuntza zeltak
• Grekoa
• Armeniera
• Albaniera (iliriera)

 

Oraindik ere badiraute jatorrizko hizkuntza indoeuroparraren aztarna batzuk, nahiz eta inoiz ez zen idatzia izan; hizkuntza proto-indoeuroparra izenez ezagutzen da. Adibidez, father vater da alemanez, pater latinez eta pitr sanskritoz. Hitz horiek guztiak sustraikideak dira, hau da, hizkuntza desberdinetako hitzak dira baina sustrai bera dute.
Hizkuntza indoeuroparren adar horietatik, bik berebiziko garrantzia dute ingelesaren bilakaera ikertzerakoan; adar germaniarrak eta adar italikoak (izen hori du hizkuntza erromanikoak latinetik datozelako, Antzinako Erromako hizkuntzatik, eta ez nobela arrosaren azpigenero literarioren bati esker). Hizkuntza germaniarren taldearen barruan dago ingelesa. Talde horren jatorrian dagoen hizkuntza komuna Elba ibaiaren eskualdean sortu zen duela 3.000 urte inguru. Kristo aurreko bigarren mende inguruan, germaniko komun hori hiru azpitaldetan banatu zen:

  • Ekialdeko germanikoa: berriz ere hego-ekialdeko Europara migratu zutenek hitz egiten zuten. Ekialdeko hizkuntza germaniar guztiak hil egin ziren, eta iraun duen bakarra gotiko idatzia izan da.
  • Iparraldeko germanikoa: bilakaeraren ondorioz hizkuntza eskandinaviar modernoak sortu ziren, esaterako, suediera, daniera, norvegiera, islandiera eta faroeera.
  • Mendebaldeko germanikoa: alemana, nederlandera, flandesera, afrikaans, frisiera eta ingelesaren jatorria da.

 

Antzinako ingelesa (500-K.o. 1100)

 

Mendebaldeko germanikoa hitz egiten zuten Jutlandiako inbaditzaileak, Danimarkako hegoaldean: angloak —izen hori da "England" (Ingalaterra) hitzaren jatorria. Anglo deitzen zaie haien sorterriagatik, Engle lurraldeagatik. Haien hizkuntzari Englisc deitzen zitzaion, eta hortik dator "English" (ingelesa) hitza—, saxoniarrak eta jutuak. Britainia irla inbaditzen hasi ziren K.o. V. eta VI. mendeetan. Elkar ulertzeko gai ziren eta hitz egiten zuten hizkuntza frisiera modernoaren antzekoa zen —Holandako ipar-ekialdean hitz egiten da frisiera modernoa—, baldin eta latinetik, grekotik eta frantsesetik datozen ingeleseko hitzak kenduz gero. Mendebaldeko inbaditzaile germaniarrek hitz egiten zuten hizkuntzari antzinako ingelesa deitzen zaio gaur egun. Hizkuntzalariek lau dialekto nagusitan zatitzen dute:

  • Northumbriera Northumbrian, Humber ibaiaren iparraldeko lurretan
  • Mertziera Mertziako erresuman (egungo Midlands eskualdean)
  • Mendebaldeko saxoniera Wessexko erresuman (Ingalaterrako hegoaldean eta mendebaldean)
  • Kentera Kenten, Ingalaterrako hego-ekialdean.

Mendebaldeko saxoiera hegoaldean eta mendebaldean, kentera hego-ekialdean. Northumbriera Ingalaterrako iparraldean eta Mertziera Midlands eskualdean.

Jende askok bestelakorik uste badu ere, Britainia Handiko lehen biztanleak ez ziren ingelesak izan, zeltak baizik. Inbaditzaile germaniarrak ikaragarri barbaroak ziren eta hil egin zituzten egun Ingalaterra izenez ezagutzen den horretako jatorrizko biztanle gehienak, zelteraz hitz egiten zutenak. Zelta haietako askok Eskozia, Gales, Kornualle (Cornwall), Irlanda eta Bretainiara egin zuten ihes. Hizkuntza zelta horiek bizirik diraute egun Eskoziako eta Irlandako hizkuntza gaeliko gisa (“zelteraren Q aldaera” izenez ere ezagunak) bai eta galesera eta bretoiera gisa ere (“zelteraren P aldaera” izenez ere ezagunak). Zoritxarrez, kornubiera, galesaren eta bretoieraren kidea, 1777an desagertu zen hizkuntza horretako azken natiboa, Dolly Pentreath, Mousehole herrian hil zenean, Kornuallen. Garai hartan, bikingoek ere eragin handia izan zuten ingelesaren bilakaeran. Eskandinaviarren inbasioak 850. urte inguruan hasi ziren eta iparraldeko germanikoko hitz asko sartu ziren ingelesean, batez ere Ingalaterrako iparraldean. Hona hemen jatorri eskandinaviarreko hitz batzuk: sky, egg, cake, skin, leg, window (literalki "wind eye"), husband, fellow, skill, anger, flat, odd, ugly, get, give, take, raise, call, die, they, their, them. "Sk"z hasten diren hitz ingeles gehienak eskandinavieratik datoz berez. Lehen harreman hori gertatu eta belaunaldi batzuk geroago, hitz eskandinaviarrak eta ingeleseko hitzak erabiltzen ziren, eta ez da harrigarria. Izan ere, azken finean, bikingoak eta anglosaxoiak oso lotuta zeuden. Behean ikus daitezke germaniarren hizkuntzan batera existitu ziren hitz-pare batzuk.

Eskandinaviera

Ingelesa

 

 

 

 

fro

from

raise

rear

ill

sick

bask

bathe

skill

craft

skin

hide

dike

ditch

skirt

shirt

scatter

shatter

skip

shift

anger wrath

 

Nahiz eta ingelesa hizkuntza germaniarra den, egungo ingeleseko hitz gehienen erroak latinetik eta grekotik datoz, ez antzinako ingelesetik. Berez, antzinako ingelesetik ezagutzen diren hitzen artetik, %17k bakarrik dirau bizirik ingeles modernoan. Hala ere, hizkuntzaren nukleoa eta arima antzinako ingelesa da eta, horregatik, oinarrizko hitz askok jatorri germaniarra dute. Errealitatean, ingeles modernoko hitzen erdiek gutxi gorabehera, esaterako, be, have eta the hitzek, antzinako ingelesean dute jatorria.
Baina, zer gertatzen da zelteraren eraginarekin? Azken finean, ingelesak baino lehenagotik ari ziren bizitzen Ingalaterran. Harrigarria badirudi ere, eragin gutxi izan zuten hizkuntzan, eta badirudi zelterako hitzak lekuak izendatzeko bakarrik erabili zirela, esaterako, Devon, Dover, Kent, Trent, Severn, Avon, Thames.

Ingelesaren lehen pasarteak K.o. 450 eta 480 urteetakoak dira. X. menderako, anglosaxoieraren mendebaldeko dialekto saxoia Britainiako hizkuntza bilakatu zen eta azkenean nagusitasuna lortu zuen irlan. Jatorrian, ingelesa alfabeto errrunikoaren bidez idazten zen, hizkuntza eskandinaviarretatik zetorren alfabeto baten bidez, baina misiolari kristauek alfabeto latindarra ekarri zuten Irlandatik. Alfabeto horrek iraun du ingelesaren idazteko sisteman, baina letra batzuk, "þ" eta "ð", esaterako, hizkuntza eskandinaviarretatik hartutako maileguak izan ziren. Azkenean, "th"k ordeztu zituen letra interesgarri horiek. Antzinako ingelesak 1100. urte ingurura arte iraun zen. Antzinako ingelesaren adibide aipagarrienak Beowulf poeman aurki daitezke, bizirik iraun duen adibiderik ezagunenean, bai eta Bibliako pasarte batzuetan ere. Azken data hori ez dago guztiz argi, baina aditu gehienek horixe aukeratzen dute ingelesaren bilakaeran izan den gertaera garrantzitsuenaren ostean datorrelako: normandiarren konkistaren ostean, hain zuzen ere.

Normandiarren konkista eta tarteko ingelesa (1100-1500)

 

Ingalaterra ahuldu egin zen hainbat inbasioren ondorioz. Gilen I.a Konkistatzaileak, Normandiako Dukeak, Ingalaterra inbaditu zuen K.o. 1066. urtean, eta saxoiek bizi zuten egoeraz baliatu zen, iparraldean eskandinaviarren inbasio baten aurka egin berri baitzuten saxoiek. Normandiar frantses-hiztunek kendu egin zieten boterea saxoiei Hastingseko batailan, K.o. 1066ko urrian (Bayeuxeko tapiza izango da, agian, normandiarren konkistaren irudikapen grafikorik ezagunena, eta tapiz horren xehetasunek osatzen dituzte, hain zuzen ere, web-gune honen nabigazio-botoiak). Normandiarrek hitz egiten zuten frantsesa antzinako frantses moduko bat zen, egun anglonormandiera izenez ezagutzen dena. Normandiarrak germaniarren ondorengoak ziren: "norman" (normandiar) hitza, esaterako, "norseman" (eskandinaviar) hitzetik dator. Nolanahi ere, haien jatorrizko hizkuntza, nederlanderaren antzekoa, alde batera utzi zuten eta frantsesez hitz egiten hasi ziren. Horrek azaltzen du zergatik den germanikoaren eragina horren handia frantsesean, oinarrizko erro latindarrez gain.

Normandiarren konkistara arte, eragin minimoa izan zuen latinak ingelesean. Eragin hori, batez ere, erromatarren okupazioaren ondorio zen, bai eta VII. mendean Britainia Handia kristautasunera aldatzearen ondorio ere (aldatze horren bidez sartu ziren elizarekin lotutako zenbait hitz ingelesean, esaterako, priest, vicar eta mass. Orduan sartu ziren beste hitz hauek ere: street, kitchen, kettle, cup, cheese, wine, angel, bishop, martyr, candle). Normandiarren inbasioaren ondoren, hizkuntza termino erromanikoz (anglonormandiarrez) bete zen (antzeko zerbait gertatu zen euskararekin ere: izan ere, erromatarren garaian latinetik hartu ziren hainbat hitz, baina joera hori areagotu egin da azken urteetan hizkuntza ofizialek (gaztelaniak eta frantsesak) euskaldunengan egiten duten presio handia dela medio). Beraz, frantses anglonormandiarraren eragina azaltzen zuten hitz-pare gehiago sortu ziren:

 

Frantsesa

Ingelesa

close

shut

reply

answer

odour

smell

annual

yearly

demand

ask

chamber

room

desire

wish

power

might

ire

wrath / anger

 

Normandiarren eragina ikusi ahal izateko adibide hauxe erabil genezake: beef eta cow hitzen adibidea. Beef(behi-haragi) terminoa, aristrokatek jaten zutena, anglonormandierako terminotik dator (boeuf). Anglosaxoi xeheak, berriz, ganaduaz arduratzen zirenak, cow (behi) termino germaniarrarekin geratu ziren. Lege-termino askok, esaterako, indict, jury eta verdict terminoek, anglonormandierako erroei eusten diete, normandiarrek gobernatzen zituztelako auzitegiak. Kasu askotan ikus daiteke hitzen banaketa hori, hau da, aristokraziak normalean erabiltzen zituen hitzak erro erromanikoak izatea, eta anglosaxoi xeheek normalean erabiltzen zituzten hitzek erro germaniarrak izatea.
Kasu batzuetan, frantseseko hitzek antzinako ingeleseko hitzak ordezkatu zituzten: crime hitzak firen ordezkatu zuen, eta uncle hitzak eam ordezkatu zuen, esaterako. Beste kasu batzuetan, frantseseko eta ingeleseko elementuak batu egin ziren hitz berri bat sortzeko, esaterako, frantseseko gentle hitza eta germanikoko man hitza batu eta gentleman hitza sortu zen. Beste batzuetan, berriz, esanahi ia bera duten bi hitz desberdinek bizirik iraun dute ingeles modernoan. Horregatik, egungo ingelesean germanikoko doom hitza eta frantseseko judgment hitza edo wish eta desire hitzak aurki daitezke.
Baliagarria da testu ezagun baten (Gure Aita) zenbait bertsio alderatzea, ikusteko zer desberdintasun dauden antzinako ingelesaren, tarteko ingelesaren eta ingeles modernoaren artean.

Gure aita antzinako ingelesean ikus dezakegu jarraian (1000. urte ingurukoa):

Fæder ure þuþe eart on heofonum
si þin nama gehalgod tobecume
þin rice gewurþe þin willa on eorðan swa swa on heofonum
urne gedæghwamlican hlaf syle us to dæg
and forgyf us ure gyltas swa swa we forgyfað urum gyltendum
and ne gelæd þu us on costnunge ac alys us of yfele soþlice.

Tarteko ingelesez dagoen bertsioa pixka bat ezagunagoa da (Wyclif, 1384):
Oure fadir þat art in heuenes halwid be þi name;
þi reume or kyngdom come to be. Be þi wille don in herþe as it is dounin heuene.
yeue to us today oure eche dayes bred.
And foryeue to us oure dettis þat is oure synnys as we foryeuen to oure dettouris þat is to men þat han synned in us.
And lede us not into temptacion but delyuere us from euyl.

Azkenik, testu bera ingeles modernoan irakurrita guztiz ulergarria da (Jakue Erregearen bertsioa, 1611):
Our father which art in heauen, hallowed be thy name.
Thy kingdom come. Thy will be done in earth as it is in heauen.
Giue us this day our daily bread.
And forgiue us our debts as we forgiue our debters.
And lead us not into temptation, but deliuer us from euill. Amen.


K.o. 1204. urtean, Frantziako erregeak Ingalaterrako Joan I.a Erregeari (Joan Lurgabeari) Normandiako probintzia kendu zion. Horrek zenbait gertaera eragin zituen, eta Ingalaterrako noble normandiarrak gero eta gehiago urrundu ziren anaia frantsesengandik. Ingalaterra bihurtu zen nobleziaren ardura nagusia, eta Frantzian zituzten lurrak alde batera uzten joan ziren, haien gaineko eskubideak galtzen ari baitziren. Horren ondorioz, pixkanaka-pixkanaka noble ingelesak egokitutako ingelesa hartzen joan ziren ama-hizkuntzatzat. 150 urte inguru geroago, Izurri Beltzak (1349-50) herritar ingelesen herena hil zuen gutxi gorabehera. Langileek eta merkatariek garrantzia hartu zuten ekonomia- eta gizarte-arloetan eta, horri esker, ingelesaren eragina handitu egin zen anglonormandieraren eraginarekin alderatuta.
Bi hizkuntzen nahasketari tarteko ingelesa deitu zitzaion. Geoffrey Chaucer egilearen Canterburyko Ipuinak (Canterbury Tales) dira tarteko ingelesaren adibiderik ezagunenak. Antzinako ingelesarekin gertatzen den ez bezala, egungo ingeles-hiztunek irakur dezakete tarteko ingelesa, nahiz eta zailtasunak izan.
1362. urterako, nobleziaren eta herri xehearen arteko banaketa linguistikoa ia guztiz desagertuta zegoen. Urte horretan bertan, the Statute of Pleading onartu zen(edozein egoeratan ingelesez egiteko eskubidea onartzen duen legea). Horren ondorioz, ingelesa bihurtu zen auzitegietako hizkuntza, eta Parlamentuan ingelesez egiten hasi ziren.

Tarteko ingelesa K.o. 1500. urtean amaitu zen gutxi gorabehera, ingeles modernoa jaio zenean.

 

Ingeles Moderno Goiztiarra (1500-1800)

 

Ingelesak Errenazimentuan bizi izan zuen hurrengo berrikuntza-aroa. Joera klasikoak berpiztu ziren eta, horren ondorioz, latineko eta grekoko hainbat hitz sartu ziren ingelesean. Nahita hartu ziren mailegu horiek eta askori ez zitzaien gustatu termino "inkhorn" horiek hartzea (latinetik edo grekotik hartutako hitz zailak eta arranditsuak). Nolanahi ere, hitz horietako askok bizirik diraute egun ere. Holofernes, Shakespearen Love's Labor Lost antzerki-laneko pertsonaia, esaterako, latinismoak gustukoegi dituen irakasle baten satira da.

Shakespeareren lanak ulertzeko zailtasunak dituzten ikasle asko harritu egingo lirateke Shakespearek ingeles modernoan idatzi zuela jakitean. Hala ere, ikusi berri dugun “gure aita”ren adibidean antzeman daitekeenez, ingeles isabeldarrak antzekotasun gehiago ditu egungo ingelesarekin Chaucerren hizkuntzarekin baino. Shakespearek sortu zituen edo erabili zituen lehen aldiz hainbat hitz eta esaldi ezagun: 2.000 hitz inguru eta hainbat hitz betegarri egile horrek sortuak dira. Shakespeare ezagutzen ez dutenak askotan harritu egiten dira haren lanetan zenbat klixe dauden ikustean, baina gero ohartzen dira Shakespearek berak sortu zituela eta gero bihurtu zirela klixe. "One fell swoop" (dena batera), "vanish into thin air" (desagertu) eta "flesh and blood" (haragi eta odol, ahaidetasunari edo gizateriari erreferentzia egiteko) Shakespearek sortuak dira. Hauek dira hizkuntzari eman zizkion hitzetako batzuk: "critical" (kritiko), "leapfrog" (igel-saltoka, gainetik salto egiteko jolasari erreferentzia egiteko), "majestic" (dotore), "dwindle" (txikiagotu) eta "pedant" (pedante).
Beste bi faktorek eragin erabakiorra izan zuten hizkuntzan eta tarteko ingelesa eta ingeles modernoa banatzen lagundu zuten. Faktore horietako lehena the Great Vowel Shift (bokal-aldaketa handia) izan zen. 1400. urte inguruan sortu zen eta ahoskera aldatzea eragin zuen. Ingeles modernoaren hiztunek zailtasun batzuk izan arren Chaucerren lanak irakur ditzakete, baina garai hartako ahoskeraz entzunda ez lirateke ulertzeko gai izango gehienak. Shakespeareren ahoskerak, berriz, azentu desberdina izango luke, baina ulergarria izango litzateke. Bokal luzeen hotsak ahoaren goiko aldean artikulatzen hasi ziren eta hitzen amaierako “e” letra isila bihurtu zen. Chaucerren Lyf terminoa ("liif" ahoskatua) life termino modernoa bilakatu zen. Tarteko ingelesean name terminoa “naam-a" ahoskatzen zen, five "fiif" eta down "duun". Linguistikaren ikuspegitik begiratuta, aldaketa nahiko bat-batekoa izan zen eta aldaketarik garrantzitsuenak mende baten buruan gertatu ziren. Baina fenomeno hori ez da amaitu oraindik: bokal-hotsak gero eta motzago ari dira bihurtzen, nahiz eta aldaketa askoz ere motelago ari dela gertatzen.

Ingeles modernoaren bilakaeran eta hizkuntza moderno guztien bilakaeran garrantzi handia izan duen azken faktorea inprentaren sorrera izan da. William Caxtonek eraman zuen lehen aldiz inprenta Ingalaterrara 1476. urtean. Liburuak merkeago bihurtu ziren eta, horren ondorioz, jende gehiagok ikasi zuen irakurtzen. Jende askorentzat argitaratzea negozio errentagarri bihurtu zen, eta lanak argitaratzeko ingelesa erabili zen latina baino gehiago. Azkenik, inprentak ingelesa estandarizatzea ekarri zuen. Londreseko dialektoa bihurtu zen eredu estandarra, han baitzeuden argitaletxe gehienak. Ortografia eta gramatika bateratu egin ziren, eta ingelesezko lehen hiztegia argitaratu zen 1604an.

Ingeles Moderno Berantiarra (1800-gaur egun arte)

 

Hiztegia da ingeles moderno goiztiarraren eta berantiarraren arteko desberdintasunik handiena. Ahoskera, gramatika eta ortografia ia-ia berdinak dira, baina ingeles moderno berantiarrak hitz gehiago ditu. Bi faktore historikoren ondorioz gehitu dira hitz horiek. Lehenengo faktorea industria-iraultza eta gizarte teknologikoaren sorrera izan zen. Beharrezko zen termino berriak sortzea ordura arte existitu ez ziren objektuak eta ideiak izendatzeko. Bigarren faktorea inperio britainiarra izan zen. Goieneko aldian, Britainia Handiak lurreko azaleraren laurdena gobernatzen zuen, eta ingelesak termino atzerritar asko hartu eta bereganatu zituen.

Industria- eta zientzia-iraultzaren ondorioz, neologismoen beharra sortu zen sorkuntza eta aurkikuntza berriak izendatzeko. Horretarako, ingelesak latinera eta grekora jo zuen. Oxygen, protein, nuclear eta vaccine hitzak, esaterako, ez ziren existitzen hizkuntza klasikoetan, baina erro latindar eta grekoetatik sortu ziren. Dena den, neologismoak ez ziren hizkuntza klasikoetako erroetatik bakarrik sortu, ingeleseko erroetatik ere sortu ziren batzuk, esaterako, horsepower(zaldi-indar), airplane (hegazkin)eta typewriter(idazmakina).

Neologismoak gaur egun ere etengabe sortzen dira. Agian, elektronikaren eta informatikaren alorrean ikus daiteke argien. Horren adibide dira byte, cyber-, bios, hard-drive eta blog hitzak.

Bestalde, inperio britainiarra zabaltzeak eta mundu-merkataritza handitzeak aukera eman zuten ingelesa munduko beste bazterretara zabaltzeko, eta, aldi berean, beste hizkuntzetako hitzak ingelesean sartzeko. Hindiak eta azpikontinente indiarreko beste hizkuntza batzuk hitz asko eman zizkioten, esaterako, pundit(aditu), shampoo(xanpu), pajamas (pijama) eta juggernaut(trailer). Esan daiteke munduko ia hizkutza guztiek izan dutela eragina ingelesaren bilakaeran: finlandierak (sauna), euskarak (jai alai), gaztelaniak (lasso, canyon), hindiak (khaki), portugalerak (mandarin) eta japonierak (tycoon), denek izan dute eraginen bat ingelesean, frantsesaren eta latinaren izugarrizko ekarpenak ahaztu gabe, noski.

Inperio britainiarra itsas inperioa zen eta termino nautikoek eragin ikaragarria izan dute ingelesean. Itsasontzietan dute jatorria zenbait hitzek eta esaldik, esaterako, three sheets to the wind (mozkor-mozkor eginda) eta scuttlebutt (zurrumurruak) esamoldeek.

Azkenik, XX. mendean bi Mundu Gerra egon ziren eta mende horren bigarren erdian arlo militarrak eragin handia izan zuen hizkuntzan. Lehen Mundu Gerraren aurretik, ez zen ohikoa ingeles-hiztunek soldadutza egitea: Britainia Handiko eta Estatu Batuetako armadak txikiak ziren eta boluntarioak zeuden bertan. Jargoi militarra existitzen zen baina, termino nautikoak ez bezala, eragin txikia izan zuen ingeles estandarrean. Nolanahi ere, XX. mende erdialdean Britainia Handiko eta Estatu Batuetako gizon ia guztiak pasa ziren armadatik. Garai hartan, jargoi militarra eguneroko hizkuntzan sartzen hasi zen. Blockbuster (arrakastatsu, filmetarako edo liburuetarako erabilia), nose dive(amildu, hegazkinetarako erabilia), camouflage(kamuflaje), radar(radar), roadblock(errepidea oztopatzeko tresna), spearhead (lehen lerroa, atake baterako edo ekintza baterako erabilia), eta landing strip (lurreratzeko pista) dira ingeles estandarrean sartu ziren termino militarretako batzuk. Gaur egun, pop kultura, internet eta informatikarekin lotutako terminoak eguneroko bizitzan gailentzen hasi dira: interface, chip, etab.

Ingelesaren kronologia

 

 

55 aC

Julio Zesarren agindupean Britainia Handia inbaditu zuten erromatarrek.

43 dD

Claudius enperadorearen agindupean Britainia Handia inbaditu eta okupatu zuten erromatarrek. Erromatarren agindupean geratu zen irla.

436

Erromatarrek Britainia Handia utzi zuten guztiz.

449

Anglosaxoniarrak Britainia Handira iristen hasi ziren. Aurrez ez zen ingelesik hitz egiten irlan.

450-480

Garai honetakoak dira antzinako ingelesaren lehen inskripzioak.

597

San Agustin iritsi zen Britainia Handira. Anglosaxoniarrak kristautasunera aldatu ziren.

731

Beda Beneragarriak latinez argitaratu zuen The Ecclesiastical History of the English People.

792

Vikingoen erasoak hasi ziren eta Britainia Handian finkatzen hasi ziren.

865

Daniarrek Northumbria okupatu zuten

871

Alfred Wessex-eko errege bihurtu zen. Latinezko lan batzuk ingelesera itzuli zituen, eta ingelesez prosa idazten hasi zen. Kronika Anglosaxoniarra hasi zen (The Anglo-Saxon Chronicle).

911

Frantziako Karlos II.ak Hrolf Ganger lider bikingoari eman zion Normandia. Frantses normandiarraren sorrera izan zen.

c.1000

Gaur arte iraun duen Beowulfen eskuizkriburik zaharrena garai honetakoa da.

1066

Normandiarren konkista

c.1150

Tarteko ingelesez idatzitako eskuizkriburik zaharrenak garai honetakoak dira.

1171

Henrike II.ak Irlanda konkistatu zuen

1204

Frantziak Joan erregeari Normandiako probintzia kendu zion.

1348

Latinak eskoletako irakaskuntza-hizkuntza izateari utzi zion eta ingelesak hartu zuen lekua, Oxforden eta Cambridgen izan ezik. Han latinari eutsi zioten.

1349-50

Izurri Beltzak Ingalaterrako herritarren herena hil zuen.

1362

The Statute of Pleading legearen ondorioz, ingelesa bilakatu zen lege-hizkuntza frantsesaren ordez. Erregistroak latinez egiten jarraitu zuten. Lehen aldiz ingelesa erabili zen Parlamentuan.

1384

Wyclifek Biblia latinetik ingelesera itzulita argitaratu zuen.

c.1388

Chaucer Canterburyko Ipuinak idazten hasi zen.

c.1400

"Great Vowel Shift" misteriotsua hasi zen.

1476

William Caxtonek ingelesezko argitalpenen lehen inprenta instalatu zuen.

1485

Maloryren Le Morte d’Arthur argitaratu zuen Caxtonek

1492

Colónek Mundu Berria aurkitu zuen.

1525

William Tyndalek Itun Berria itzuli zuen

1536

Lehenengo Batasun Aktak Ingalaterra eta Gales batu zituen. Horrek ia guztiz desagerrarazi zuen galesa.

1549

The Book of Common Prayer liburuaren lehen bertsioa

1564

Shakespeare jaio zen

1603

Ingalaterrako Jakue I. (Eskoziako VI.a) agintean zela Eskoziako eta Ingalaterrako koroak batu ziren

1604

Robert Cawdreyk ingelesezko lehen hiztegia argitaratu zuen, Table Alphabeticall

1607

Jamestown sortu zen, Mundu Berriko lehen establimendu ingeles iraunkorra.

1611

Bibliaren lehen bertsio baimendua argitaratu zen (edo Jakue erregearen biblia).

1616

Shakespeare hil zen

1623

Shakespeareren
First Folio argitaratu zen

1666

Londreseko Sute Handia. Izurri Handiaren amanera.

1702

Inglesezko lehen egunkaria argitaratu zen Londresen, The Daily Courant.

1755

Samuel Johnsonek historia egin zuen hiztegia argitaratu zuen.

1770

Cookek Australia aurkitu zuen

1776

Thomas Jeffersonek Independentzia Deklarazioa idatzi zuen

1782

Washingtonek Cornwallis menderatu zuen Yorktownen. Britainia Handiak Amerikako kolonietatik alde egin zuen.

1788

Zigor-kolonia britainiarra sortu zen Australian.

1803

Batasun Aktak Britainia Handia eta Irlanda batu zituen. Une lazgarria izan zen gaelikoarentzat.

1828

Noah Websterek hiztegia argitaratu zuen eta Estatu Batuetako ingelesa batu egin zuen.

 

1922

British Broadcasting Corporation (BBC) sortu zen

1928

Oxford English Dictionary argitaratu zen (Oxforden ingeles-hiztegia)

1973

Britainia Handia Europako Merkatu Batuaren kide egin zen, eta frantsesaren nagusitasuna amaitu zen.

1990-2000

Interneten sorrerarekin ingelesa finkatu zen informaziorako eta nazioarteko harremanetarako hizkuntza gisa.

 

Ingelesaren garrantzia Europan eta munduko gainerako lekuetan

 

Zer dago munduan ingelesa ikasteko behar edo joera horren atzean? Egin dezagun gogoeta oinarrizko galdera horren inguruan.
Ingelesa ez da munduan gehien hitz egiten den hizkuntza hiztun natiboen kopuruari erreparatzen badiogu —txinerak ingelesak baino askoz ere natibo gehiago ditu—, baina Txinatik eta txinatarren komunitateetatik kanpo ia inork ez du txineraz hitz egiten. Beraz, ingelesa da munduan zabalduen dagoen hizkuntza. Zaila da kalkulatzea zehatz-mehatz zenbat jendek hitz egiten duen ingelesa, baina kalkulu batzuen arabera, ingelesak 350.000.000 hiztun natibo baino gehiago ditu eta 400.000.000 pertsonek baino gehiagok dakite bigarren hizkuntza moduan (eguneroko bizitzan erabiltzen den hizkuntza, nahiz eta ama-hizkuntza ez izan) edo atzerriko hizkuntza moduan (ikasten den hizkuntza, nahiz eta eguneroko bizitzan erabili ez).

Dena den, zifra horiek ez dute adierazten ingelesak munduko hizkuntza moduan duen benetako garrantzia. Zifren arabera, munduko herritarren %15ek baino gutxiagok erabiltzen du, baina ingelesaren garrantzia neurtzeko ez da begiratu behar zenbat pertsonek hitz egiten duten soilik, zer funtzio betetzen duen eta zeinek erabiltzen duen ere kontuan izan behar da. Ingelesa da informaziorako eta komunikabideetarako hizkuntza nagusia munduan. Negozioen eta gobernuaren hizkuntza da, baita hiztun gutxi dituen herrialde batzuetan ere (esaterako, Namibian herritarren %1ek bakarrik du ingelesa ama-hizkuntzatzat, baina ingelesa da hizkuntza ofizial bakarra). Itsas komunikazioaren eta nazioarteko aire-zirkulazioko kontrolaren hizkuntza da. Ingelesa ama-hizkuntzatzat ez duten herrialdeetan ere erabiltzen da barneko aire-zirkulazioa kontrolatzeko. Estatu Batuetako herri-kulturari esker —batez ere filmei eta musikari esker— ingelesa mundu osoan zabaltzen ari da.

Hizkuntza ofiziala edo koofiziala da 45 herrialde edo lurralde baino gehiagotan, eta ofizialtasunik ez duen beste herrialde askotan ere hitz egiten du jendeak (esaterako, Holandan, Eskandinavian, Israelen, etab.). Behean aipatzen diren herrialdeetan ingelesa erabiltzen da ekonomiarako, politikarako eta kulturarako. Herritarren gehiengoa ingeles-hiztuna den kasuetan, letra lodiz idatzi dira herrialdeak.

  • Ameriketako Estatu Batuak eta mendekoak
  • Antigua
  • Australia
  • Bahamak
  • Barbados
  • Belize
  • Bermudak
  • Botswana
  • Brunei (malaysierarekin batera)
  • Dominika
  • Erresuma Batua eta mendekoak
  • Fiji
  • Filipinak (tagaloarekin batera)
  • Gambia
  • Ghana
  • Gibraltar
  • Grenada
  • Guyana
  • Hego Afrika (afrikaans, xhosera, zuluera eta beste 7 hizkuntzarekin batera)
  • India (Indiako 14 hizkuntzarekin batera; zabalduenak hindia, bengalera eta tamilera dira)
  • Irlanda (Irlandako gaelikoarekin batera)
  • Jamaika
  • Kamerun (frantsesarekin batera, baina frantsesak du nagusitasuna)
  • Kanada (frantsesarekin batera)
  • Kenya (swahiliarekin batera)
  • Kiribati
  • Lesotho (sothoerarekin batera)
  • Liberia
  • Malawi (txewerarekin batera)
  • Malta (malterarekin batera)
  • Maurizio
  • Mendebaldeko Samoa(samoerarekin batera)
  • Namibia (afrikaansekin batera)
  • Nauru (nauruerarekin batera)
  • Nigeria
  • Pakistan (urduarekin batera)
  • Papua Ginea Berria
  • Puerto Rico (gaztelaniarekin batera)
  • Saint Kitts eta Nevis
  • Santa Luzia
  • Saint Vincent
  • Senegal (frantsesarekin batera)
  • Seychelleak (frantsesarekin batera)
  • Sierra Leona
  • Singapur (malaysierarekin, mandarinarekin eta tamilerarekin batera)
  • Surinam (nederlanderarekin batera)
  • Swazilandia (swazierarekin batera)
  • Tanzania (swahiliarekin batera)
  • Tonga (tongerarekin batera)
  • Trinidad eta Tobago
  • Tuvalu
  • Uganda
  • Vanuatu (frantsesarekin batera)
  • Zambia
  • Zeelanda Berria
  • Zimbabwe

Beste hizkuntza batzuekin alderatuta, frantsesa (27 herrialde), gaztelania (20 herrialde), arabiera (17 herrialde) eta portugalera (8 herrialde), ingelesaren nagusitasuna historian izan den handiena da. Baliteke zenbait hizkuntzetako hiztunak, frantseseko, gaztelaniako eta arabierako hiztunak, esaterako, ados ez egotea, baina ingelesa nazioarteko hizkuntza ez-ofiziala bilakatzen ari da. Mandarin txinerak hiztun gehiago ditu baina, hala ere, ingelesa da oraingoz munduan zabalduen dagoen hizkuntza, eta gero eta indar gehiago hartzen ari da. Are gehiago, uste da 20 urte barru Txinan izango diren ingeles-hiztunen kopuruak, nahiz eta natiboak ez izan, ingeles-hiztun natiboen kopurua gaindituko duela. Badirudi jendeak Txinaren gorakada etengabeari bakarrik erreparatzen diola, eta asko ez dira konturatzen India ere etengabe ari dela goraka eta munduko potentzia ekonomiko eta militar nagusietako bat bilakatzeko bidean dela. Ingelesa da Indiako erdi- eta goi-mailako klase sozialek erabiltzen duten hizkuntza gobernuan, negozioetarako eta ikerketarako, eta horrek ingelesa zabaltzen lagunduko du.

Munduko merkataritza-gestioen erdiak ingelesez egiten dira. Zientzia-dokumentuen bi herenak ingelesez idazten dira. Korrespondentzia/postaren %70 baino gehiago ingelesez idazten eta helbideratzen da. Nazioarteko turismo, abiazio eta diplomazia gehienean ingelesa erabiltzen da.

Ingelesa lehenengo, bigarren edo hirugarren hizkuntza moduan

 

Erresuma Batuaz gain, beste herrialde batzuetan ere ingelesa da hizkuntza nagusia edo hizkuntza bakarra, esaterako, Estatu Batuetan, Kanadan, Australian, Zeelanda Berrian eta Irlandan. Herrialde horiek guztiak kolonia britainiarrak izan ziren garai batean. Beste herrialde batzuetan, berriz, ingelesa asko erabiltzen da, batez ere, beste hizkuntza komunik ez duten biztanleen artean, nahiz eta ingelesa ez izan herrialdeko hizkuntza nagusia. Adibidez, ingelesa asko erabiltzen da Hong Kongen, Singapurren, Nigerian, Filipinetan eta Malaysian. Herrialde horietan ama-hizkuntza desberdinak dituzten biztanleak bizi dira, eta asko erabiltzen dute ingelesa elkarrekin komunikatzeko. Ingelesak aurretik zeuden lingua francak ordezkatu ditu (esaterako, hausa Nigerian, edota gaztelania Filipinetan).

Ingelesaren erabilerak

 

Ingelesa berrietarako eta informaziorako

 

Ingelesa erabiltzen da normalean informazioa eta berriak komunikatzeko. Telex mezuen eta telegramen hiru laurdenak ingelesez bidaltzen dira. Datu informatikoen %80 hizkuntza horretan prozesatzen eta gordetzen da. Satelite bidezko komunikazioaren zatirik handiena ingelesez transmititzen da. Bost mila egunkari, munduan argitaratzen diren egunkarien erdia baino gehiago, ingelesez editatzen dira. Ingelesa gutxiengoaren hizkuntza den herrialde askotan ere egunkari bat behintzat argitaratzen da ingelesez. Indian bakarrik, hiru mila aldizkari argitaratzen dira ingelesez. Herrialde askotan albistegiak ingelesez ematen dira. Telebistaren indarra dela-eta, herrialde guztietako manifestariek ingelesez idatzitako pankartak erabiltzen dituzte nazioarteko prentsan oihartzuna izateko.

 

Ingelesa negozioetarako, diplomaziarako eta lanbideetarako

 

Ingelesa da nazioartean gehien erabiltzen den hizkuntza negozioetarako, diplomaziarako, zientziarako eta lanbideetarako. Ziur asko, enpresari irandar batek eta enpresari japoniar batek ingelesa erabiliko lukete elkarrekin komunikatzeko. Zenbait produkturen merkataritza, hala nola, zilarrarena, eztainuarena eta dibisa boteretsuena, ingelesez egiten da. Horrez gain, ingelesa da hizkuntza ofizialetako bat edo hizkuntz ofizial bakarra nazioarteko hainbat erakundetan, adibidez, Nazio Batuen Erakundean eta lanbide-erakunde askotan. Nazioarteko konferentzien eta nazioarteko kirolaren hizkuntza izaten da sarri. Dokumentu profesional asko ingelesez argitaratzen dira mundu osoan. Beste hizkuntzetan argitaratzen diren dokumentuek ere laburpen bat izaten dute ingelesez askotan.

 

Ingelesa aisiarako

 

Kultura herrikoia

 

Kultura herrikoiak eragin handia izan du ingelesaren hedapenean. Britainia Handiko eta Estatu Batuetako musika herrikoia mundu osoan entzuten da egun. Ia herrialde guztietan ikusten dira Estatu Batuetako filmak. Ingelesa jende gutxik erabiltzen duen herrialdeetan ere eskura daitezke hizkuntza horretan argitaratutako liburuak. Ikasleek ingelesa ikasteko ematen duten arrazoietako bat da ulertu egin nahi dituztela abesti horietako hitzak, filmak eta liburuak.

 

Bidaiak

 

Nazioarteko bidaietarako ere oso garrantzitsua da ingelesa. Herrialdeek beren mugetatik kanpo zabaltzen duten informazio turistikoaren zati handi bat ingelesez dago. Ingelesa hitz egiten da hotel eta turismo-leku handietan, aireportuetan eta turistek bisitatzen dituzten dendetan. Ingelesez argitaratutako egunkariak eta ingelesez emandako albistegiak daude. Gehienetan turismo-bisitak izaten dituzte ingelesez. Kalean ingelesez jende gutxik egiten duen herrialdeetan ere, turismoko langileek, oro har, ingelesa hitz egiten dute. Herrialde batzuetan autobus- edo tranbia-gidariek eta kioskoetako saltzaileek ere badakite ingelesez.

 

Ingelesaren beste erabilera batzuk

 

Britainia Handiaren kolonia izan ziren leku askotan, ingelesa erabiltzen dute gobernuan eta beste hizkuntza komunik ez duten biztanleen artean. Kasu batzuetan, hizkuntza neutro gisa erabiltzen da hizkuntza indigenatakoren batek ospe gehiegi har ez dezan. Indian asko erabiltzen da, izaera neutro horrengatik. Gobernuko hizkuntza da. Ingelesa hitz egiten duten pertsonek nolabaiteko estatusa lortzen dute gizartean. Literaturan, musikan eta dantzan erabiltzen da. Singapurren ingelesa bigarren hizkuntzatzat dute, baina behar-beharrezkoa da eguneroko bizitzan. Enpresa askok erabiltzen dute han ingelesa. Gainera, Afrikan 16 herrialdek jarraitu dute ingelesa erabiltzen gobernuan. Gaur egun, haurrek ingeles estandarra ikasten dute herrialde horietako eskoletan, karrera profesionalerako beharrezko zaielako hizkuntza jakitea.
Herrialde askotan, nahiz eta komunikatzeko ingelesa erabili ez normalean, atzerriko hizkuntza moduan ikasten dute. Txinan zabalduta daude ingeleseko eskolak ematen dituzten telebista-programak. Berrehun eta berrogeita hamar milioi txinatarrek —AEBetako biztanleria osoa baino gehiagok— telebistaren bidez ikasten dute ingelesa. Herrialde askotan ingelesa da atzerriko lehen hizkuntza edo hizkuntza irakatsiena, eta herritarrek pixka bat behintzat ulertzen dute. Iragarpen batzuk diotenez, egungo joerari eutsiz gero, 20 urte barru mundu osoko biztanleriaren erdiak ingelesez hitz egingo du nolabait (bigarren, hirugarren edo laugarren hizkuntza moduan bada ere), eta unibertsitatean lizentziatutakoen gehiengoak ere izango ditu nolabaiteko ezagutzak.

 

Ingelesaren egoera Euskal Herrian

 

Duela 25 urte eskas jende gutxik zekien ingelesa Euskal Herrian. Atzerriko hizkuntzaren bat jakitekotan, normalena frantsesa jakitea zen hegoaldean eta gaztelania iparraldean. Franco hil ostean, aldaketa asko hasi ziren gertatzen, eta euskal herritarrak hasi ziren ohartzen ingelesa zela nazioarteko hizkuntza nagusia komunikazioetan, merkataritzan, zientzian eta ikerketan, ez frantsesa ez gaztelania. Hegoaldean bat-bateko aldaketa egon zen frantsesetik ingelesera 1978-1985 urte-bitartean. Aldaketa hori nahiko traumatikoa izan zen batzuentzat, batez ere, frantses-irakasleentzat. Haietako askok ingelesa irakasten hasi behar izan zuten lanpostuei eusteko.
Garai hartan, ingelesa irakasten zuten eskola pribatuak modan jarri eta asko zabaldu ziren.
Urtero milaka euskal herritarrek bidaiatzen dute beste herrialderen batera, eta herena baino gehiago ingelesez hitz egiten den herrialderen batera joaten dira. Bidaiari horietako asko bidaia antolatuetan joaten dira eta askok ez dute ingelesez hitz egiten egonaldi osoan. Paisaia, eraikinak, lorategiak eta halakoak ikusten aritzen dira, jatetxeetan jaten dute eta hoteletan hartzen dute ostatu. Ez dute hango biztanleekin harremanik izaten. Ingelesez jakingo balute, bisitatzen dituzten herrialdeetako biztanleekin hitz egin ahal izango lukete behintzat. Lekuak ezagutu ahal izango lituzkete bere kabuz edo hango bertako gidariekin. Zer jatetxetan jan eta zer dendatan erosi erabaki ahal izango lukete. Informazio turistikoko liburuxketan, egunkarietan eta telebista-programetan azaldutako informazioa jaso ahal izango lukete.
Gaur egun, enpresa handietan lan egiten duten lizentziatu askok aukera izango dute beste herrialde batzuk bisitatzeko, bai negozio-bidaiak dituztelako bai atzerrira joan direlako lan egitera. Ziur asko, behar-beharrezko izango dute ingelesa jakitea edonora joanda ere, baita hizkuntza hori nagusia ez den herrialdeetan ere. Hango bertako langileek agian hitz egingo dute ingelesez baina, ziur asko, ez dute frantsesez edo gaztelaniaz jakingo.
Euskal Herriak oparotasun ekonomikoa lortu du, eta ospe ona du lehen kalitateko artikuluen ekoizle gisa. Mundu osoko jende askok azaltzen du interesa Euskal Herriko enpresetan, teknologian eta kulturan. Baina munduan jende asko dago gaztelania, frantsesa edo euskara ulertzen ez duena. Ez daude liburu, aldizkari edo informatika-iturri asko Euskal Herriko errealitatea transmititzeko. Gero eta informazio gehiago transmititu behar da ingelesez, munduko biztanleek Euskal Herrian benetan gertatzen dena ezagutzea nahi bada, eta Euskal Herriaren kultura eta egoera ezagutzera eman nahi badira. Euskal Herriari buruzko informazioa kanpoaldera transmititu ahal izango duten pertsona gehiago behar ditugu.
Gero eta euskaldun gehiago joaten dira nazioarteko konferentzietara, eta gero eta gehiagok aurkeztu behar dituzte dokumentuak eta hartu behar dute parte eztabaidetan. Nazioarteko konferentzia gehienak ingelesez izaten dira, eta gero eta gehiago dira ingelesez soilik ematen direnak. Unibertsitateetako eta enpresetako ikertzaile asko nazioarteko konferentzietara joaten dira ikerketaren emaitzak azaltzera. Ingelesez egiten dira aurkezpen gehienak. Haien lanak ingelesez editatzen diren nazioarteko aldizkarietan argitaratzen dira.
Informazio asko eskura daiteke interneten. Informazio gehiena ingelesez dago; horregatik, euskaldunek online dauden baliabideak aprobetxatu nahi badituzte, ingelesez irakurtzen jakin beharra dute.

 

Ingeles-motak

 

 

Estatu Batuetako ingelesa


Ingelesek K.o. 1600. urte inguruan Estatu Batuak kolonizatu zituztenean sortu zen dialekto desberdina ere esanguratsua da, dialekto estatubatuarra. Ahoskeraren ezaugarri batzuk eta erabilera batzuk “izoztu” egin ziren Ameriketako kostara iristean. Alderdi batzuetan, Estatu Batuetako ingelesak antz gehiago du Shakespeareren ingelesarekin Britainia Handiko ingeles modernoarekin baino. Britainiarrek mespretxatzen dituzten “amerikanismo” batzuk jatorri britainiarreko esamoldeak dira izatez. Kolonietan bizirik iraun dute baina Erresuma Batuan desagertu egin ziren (esaterako, fall autumnen sinonimo moduan, trash rubbish esateko, Hollywoodeko gangsterren filmen bidez berriz ere Erresuma Batuan sartu zen frame-up, eta loan lend aditzaren ordez).

Estatu Batuetako dialektoak balio izan zuen, bestalde, Ameriketako natiboen hitz asko ingelesean sartzeko. Hitz horietako gehienak toponimoak dira, esaterako, Mississippi, Roanoke eta Iowa. Indiar-itxura duten izenetako batzuk, aldiz, ez ziren erro amerikarretatik sortu, esaterako, Idaho. Baina toponimoez gain, bestelako hitzak ere hartu zituen ingelesak. Raccoon, tomato, canoe, barbecue, savanna eta hickory hitzek erro amerikarrak dituzte, nahiz eta kasu askotan jatorrizko termino indiarrak oso aldatuta dauden eta zail egiten den horiek ezagutzea.

Gaztelaniak izan du eragin pixka bat Estatu Batuetako ingeleseko hiztegian. Armadillo, mustang, canyon, ranch, stampede eta vigilante dira mendebaldearen kolonizazioaren bidez ingelesean sartu diren gaztelaniazko hitzetako batzuk.

Txikiagoa izan bada ere, frantsesak (Louisianaren bidez) eta Afrika mendebaldeko hizkuntzek (esklaboen inportazioaren bidez) ere izan dute eragina ingelesean. Armoire, bayou eta jambalaya New Orleansetik sartu ziren hizkuntzan. Goober, gumbo eta tote Mendebaldeko Afrikako maileguak dira, eta esklaboek erabili zituzten lehen aldiz Amerikan.

 

 
Morris Academy - Santa Marina 3, behea 20800 - Zarautz (Gipuzkoa) - Tel: 943130257
Copyright © 2012 MORRIS ACADEMY - All rights reserved
Panel