Zarautzi Buruz
Sarrera
Zarautz Gipuzkoako kostan dago, Donostiaren mendebaldean, 20 kilometrora gutxi gorabehera. Egun 22.000 biztanle inguru ditu, baina zifra hori handitzen ari da etengabe. Udan, neguan baino ia hiru aldiz biztanle gehiago izaten ditu Zarautzek; izan ere, turista asko etortzen dira Zarauzko hondartza zoragarriaz gozatzera, Euskal Herriko luzeenetakoa, bai eta inguru liluragarriez eta jatetxe bikainez gozatzera ere. Nire Zarauzko gida txikiak gida gehienek baino askoz ere gauza gehiago azaltzen ditu, kanpotar interesatu baten ikuspegitik idatzita dagoelako, eta egia osoa azaltzen duelako.
Historia
Zarautzek bazituen jada biztanleak erromatarren garaian; berriki egindako indusketetan azaldu diren hilobi erromatarrek frogatzen dute. Erromatarren galtzada harriztatuak ere badira, eta haietatik alboko herrira, Getariara, hel daiteke oraindik ere. Zarautz 1237an sortu zen ofizialki Gaztelako erregeak, Fernando III.ak, hiri-gutuna eman zionean. Narros jauregiko armarrian dagoen inskripzioak, “Zarauz antes que Zarauz”, Zarauztarren leinua existitu zela frogatzen du, eta herria sortu baino lehenagotik existitzen zela. Zarauzko marinel-tradizioak, baleen arrantza eta harrapaketak, XVI. mendera arte iraun zuen. Itsasoa egun baino gehiago barneratzen zen herrian, eta horrek azaltzen du auzoetako baten jatorria, Azken Porturena, hain zuzen ere, nahiz eta egun itsasotik urrun dagoen. XVI. mendetik aurrera, Zarauzko marinel-tradizioa beherantz joan zen baina beste jarduera batzuk hasi ziren udalerrian, esaterako, burdingintza, ontzigintza, altzarigintza, ehungintza eta nekazaritza.
Zarautzek beti izan du hondartza luze eta ederra. Lehen jendeak ez zuen baloratzen, baina gizartearen gustuak aldatu egin ziren eta oso baloratua bihurtu zen. XIX. mendean, Europako aberatsek eta famatuek uda luzeak igarotzen zituzten Biarritzen. Espainiako aristokratek haien adibideari jarraitu zioten eta 50. hamarkada inguruan, Espainiako Isabel II.a erreginaren gortea Euskal Herriko kostako freskotasunera joaten hasi zen, Madrilgo uda itogarrietatik ihesi, batez ere Donostiara, Biarritzetik gertu. Udako ihesalditxo horiek Zarautzeraino iristen ziren, eta, horregatik, jauregi, txalet eta luxuzko etxe ugari eraiki ziren hondartza-parean. Jauregi, txalet eta luxuzko etxe horietako ia guztiak bota egin dituzte azken 30-40 urteetan apartamentu-blokeak eraikitzeko. Negozio horrek irabazi handiak eman ditu, itsasora begira dauden apartamentuek diru-kantitate izugarriak balio dituztelako. Gaur egun, Zarautz maila altuko herri modernoa da: etengabe ari da hazten eta “luxuzko” turismo dei genezakeenaren erdigunea da. Zarautzera datozen turistak gastronomia eta giro itzelagatik etortzen dira, eta normalean ez klimagatik (onartu beharra dago Espainiako eta Portugalgo hegoaldeko kostak baino hodeitsuagoa eta euritsuagoa dela) edo Benidormen eta Salouen moduko lekuetan aurki daitezkeen megahotel merkeengatik. Azken urteetan turista asko etorri badira ere, eta gero eta biztanle gehiago badaude ere, herriaren euskal izaerari eustea lortu da euskararen erabilerari dagokionez. Herritarren %74k baino gehiagok badaki euskara eta, zalantzarik gabe, 15 urtetik beherako haurren %100ek ere bai.
Zer ikusi eta zer egin
Azken 120 urteetan, Zarautzen diru-sarrera handienetako bat turismoa izan da. Horregatik, ez da harritzekoa herriak azpiegitura turistiko asko izatea. Turistek ostatu hartu ahal izateko hotel asko eta onak daude, bai eta campingak eta landetxeak ere. Lehen kalitateko euskal sukaldaritzan barietate handia dago (eta orain beste era batzuetako sukaldaritzan ere bai), eta herriko saltokiek kalitate bikaineko produktuak eskaintzen dituzte. Zarautzek 9 zuloko golf-zelai txiki bat du: ozeanoaren parean dago eta golf-jokalariek itsasoko airea senti dezakete jokatzean. Surfa kirol famatua da Zarautzen; izan ere, Zarauzko olatuak Euskal Herriko onenetakoak dira. Horrek azaltzen du zergatik dauden Zarautzen horrenbeste surflari on eta horrenbeste surf-denda, eta zergatik dauden Zarauzko hondartzan surfeko munduko txapelketak eta mundu osoko surflariak 2 metroko olatuak hartzen.
Zarauzko arkitekturan eta ondare historikoan interesa duten turistek leku hauek bisitatu beharko lituzkete:
•Dorre Luzea: XV. mendeko eraikin eder bat da. Gotorleku eta zaintza-dorre gisa eraiki zuten. •Narros Jauregia: XVI. mende hasierako eraikin gotikoa da. Lorategi eder batek inguratzen du. Gabonetan, jaiotza zoragarri bat jartzen dute tamaina errealeko irudiekin eta jendeari irekitzen dizkiote lorategiko ateak. Jauregiaren barruan liburutegi bikain bat dago, baina ez dago hura bisitatzeko aukerarik. •Santa Maria la Real Parrokia: parrokia nagusia da, estilo plateresko errenazentistagatik ezaguna. •Aita Frantziskotarren Komentua: XVII. mendeko eraikin polit bat. •Portuetxe: estilo errenazentistako eraikina da eta udaletxea eta herriko gobernua bertan daude. •Santa Klara Komentua: XVII. mendeko eraikin bikaina. Oraindik ere eraikinaren horma artetik ateratzen ez diren klaratar batzuk bizi dira (gero eta adinduagoak).
Zarautzek ez du museo bat edo pare bat, hiru museo ditu:
•Arte eta Historia Museoa: duela gutxi zabaldu zuten, 2002. urtean, eta udalerriaren historia ikus daiteke bertan, X. mendetik gaur egun artekoa. •Itsas Eskola Museoa: itsasoko ekologiari buruzko da. •Argazki Euskal Museoa: argazkiei buruzko museoa. Argazki-ekipo desberdin ugari ikus daitezke, dagerrotipoetatik hasi eta historiako lehen argazki-kamera eramangarrietaraino.

Maiz egiten diren galderak
1. Zergatik bizi zara Zarautzen?
Gustuko dut Zarautz hiri txiki batean bizitzeko abantailak eta herri batean bizitzeko abantailak dituelako.
2. Nolakoa da Zarautzen bizitzea?
Klima oso leuna da. Gutxitan izaten dira 8 gradutik beherako tenperaturak edo 35 gradutik gorako tenperaturak. Ez daude gune “pobreak”, herri oparoa da. Zarautzen beti dago zerbait. Kirol-lehiaketa ugari daude: surfeko munduko txapelketetatik eta triatloi-txapelketetatik hasi eta dantza tradizionalen txapelketetara eta bizikleta-lasterketetara arte. Zarautzen ospakizun edo festa handi ugari ospatzen dira. San Pelaio eguna eta Euskal Jaiak dira ezagunenak, ekainaren 26an eta irailaren 9an ospatzen dira, hurrenez hurren. Euskal jaia bereziki dibertigarria da, euskal jantzi tradizionalak janzten dituztelako denek eta gauza asko egiten direlako: Munoa plazan, esaterako, kale-antzerki bat egiten da. Gabonak bereziki politak dira. Gauza ikusgarrienetako bat urtarrilaren 5 gauean egiten den antzezpena da, Erregeak Zarautzera nola iristen diren ikustea. Zarauzko kaleetatik ibiltzen dira zaldiz, eta haurrei gozokiak ematen dizkiete. Desfilea Lege Zaharren Enparantzan amaitzen da, han baitago Jesus haurtxoa zain. Enparantzan hiru errege magoek Jesus haurtxoa goratzen dute bertsotan, urrea, intsentsua eta mirra oparitu ondoren.
3. Zein da Zarautz bisitatzeko sasoirik onena?
Bisitari gehienak ekainaren 20tik irailaren 20ra bitartean etortzen dira. Abuztuan jende pila egoten da Zarautzen; hilabete horretan biztanleen kopurua hirukoiztu egiten da urte osoan Zarautzen bizi diren biztanleekin alderatuta. Jendez betetako hondartzak edo egun luze eta beroetan surf egitea gustuko izanez gero, uztaila eta abuztua dira Zarautz bisitatzeko hilabete egokienak: batez ere, gauetan jendez betetako tabernetan dantzatzea eta dibertitzea gustuko izanez gero eta, bai, goizean goiz arte edaten du jendeak, bereziki “zona” izenez ezagutzen den gunean. Nik neuk Euskal Jaietara joatea gomendatuko nuke. Irailaren 9an ospatzen da. Ospakizun horretan denek jantzi tradizionalak janzten dituzte, baita euskaldun aurpegiera ez dutenek ere (afrikar-, ekialdetar-, arabiar- eta bikingo-aurpegiera duen gero eta jende gehiagok janzten ditu euskal jantzi tradizionalak, eta horrek itxaropenez eta harrotasunez betetzen nau).

4. Nola tratatzen ditu Zarautzek atzerritarrak,
esaterako, britainiarrak, estatubatuarrak,
irlandarrak eta abar?
Zarautz gero eta herri kosmopolitagoa bihurtzen ari da eta, horregatik, zarauztar gehienak nahiko ohituta daude kanpoko jendea ikustera; egia esan, oso ohituta daude atzerritarrak ikustera. Esan genezake irlandarrak direla maitatuenak, gero britainiarrak eta, azkenik, estatubatuarrak. Estatu Batuetako herri-kultura maitatua nahiz arbuiatua da, baina erresumin handia dago Estatu Batuetako gobernuarekiko, bereziki, George W. Bushen agintaldia hasi zenetik. Badira estatubatuar guztiekiko eta Estatu Batuekin lotutako guztiarekiko nazka sentitzen duten gutxi batzuk ere, kontuan hartu gabe zer pentsatzen duen, egiten duen edo esaten duen estatubatuar jakin horrek. Edonola ere, ongi bizitzen da Zarautzen, nahiz eta estatubatuarra izan.
5. Euskara asko hitz egiten al da Zarautzen?
Zifra ofizialen arabera, zarauztarren %75 inguruk hitz egiten du euskara, baina errealitatean zenbat pertsonak erabiltzen duen jakin nahi badugu, gauza aldatu egiten da. Gaztetxoenek euskara erabiltzen dute nagusiki haien artean, eta adinekoek ere euskaraz hitz egiten dute batik bat. Tartean geratzen direnen kasuan berriz, zailagoa da esatea. Pertsona batzuk, nahiz eta Zarautzen jaioak izan, euskaraz gutxi egiten dute edo ez dute inoiz egiten. Oro har, 1975 baino lehenago jaiotakoak dira: gaztelaniaz irakasten zen ikastetxeetan ikasi zuten eta ez zuten euskara-eskolarik jaso (“Ikastola”n izan ezik). Hemengo heldu batzuek kontatu didate ez zela asko erabiltzen euskara jendaurrean 50eko hamarkadan eta 60ko hamarkadaren hasieran. Egoera aldatzen hasi zen 60ko hamarkadaren azken aldera eta 70eko hamarkadan. Franco hil ostean, hizkuntza berpiztu egin zen eta 90eko hamarkadarako, haurrek euskaraz hitz egiten zuten Zarauzko eskoletan, baina ez hori bakarrik: euskaraz ikasten zuten. Gogoan dut nire ingeles-eskola sortu nuenean, 1987-1988 urteetan, ikasleen erdiak bikain zekiela euskaraz eta beste erdiak, berriz, oso gutxi zekiela edo ez zekiela. 1995ean, 15 urtetik beherako ikasle ia guztiek zituzten euskara-ezagutza sendoak. Dena den, soziolinguistikan "kode-aldaketa" esaten denaren oso zaleak dira zarauztarrak. Horrek esan nahi du esaldi bat hizkuntza batean eta hurrengoa beste hizkuntza batean esaten dutela maiz. Esaldia hizkuntza batean hasi eta beste batean amaitzea ere ohikoa da. Entzuten dutenak eragina du alde horretatik. Istorio bat A hizkuntzan entzuten badute, hizkuntza horretan kontatuko dute. Horrek ez du esan nahi zarauztarrak elebidunak direnik. Elebidun izateak esan nahi du bi hizkuntza edo gehiago maila bertsuan jakitea. Zarauztar gehienen kasua "diglosia" adibide bat da elebitasun adibide bat baino gehiago (diglosia bi hizkuntza maila desberdinetan ezagutzea da, hau da, pertsona batek edo gizarte batek hizkuntza bat bikain eta bestea hala-hola jakitea). Mendeetan bertan behera utzi izanaren ondorioz, frankismo-garaiaren ondorioz, zarauztar asko ez dira gai euskaraz irakurtzeko edo idazteko, nahiz eta euskara izan ama-hizkuntza. Ama-hizkuntzan hiztegi oso murritza dute, eta familia-alderdietara mugatzen da. Gai konplexu edo espezializatuez aritzean, gaztelaniaz hasten dira beti (edo orain arte behintzat hala izan da). Egoera hori gaztelaniaz ikasi izanaren ondorio da, noski. Fenomeno hori bera ikus daiteke Estatu Batuetako hispano askorengan, Galesen (gales-hiztunengan), Greziako iparraldean (mazedoniera hitz egiten duten greziarrengan), Turkian (kurduegan), etab. Gaur egun gazte euskaldunek erraztasunez irakurtzen eta idazten dute euskara, baina gaztelaniaren bonbardaketa handiak egiten dizkiete komunikabideek. Filmak gaztelania artifizial beldurgarrian bikoizten dira (nahiz eta askoz okerragoa den euskarazko bikoizketetarako erabiltzen den euskara artifizial faltsua), ingelesezko eta gaztelaniazko pop musika ugari entzuten dute, eta Zarautzen ikusten diren telebista-kanal gehienek gaztelaniaz emititzen dute. Horren ondorioz, euskaraz ikasten duten euskaldunek ere askotan ez dute jakiten nola esan euskaraz zenbait hitz arrunt, eta gaztelaniaz, ordea, bai. Esaterako, gehienek ez dakite euskaraz esaten "portaaviones", "nudillos", "sien", "avena", "oruga" edo "terciopelo". Nahiz eta gai hau askotan jorratu den, uste dut bi hizkuntzak ezagutzen ez dituen pertsona batek, hau da, euskara eta gaztelania ez dakizkien pertsona batek, gauza asko galtzen dituela. Nahiz eta euskararik jakin gabe ere badagoen moldatzerik, euskara hitz egiten ez dutenak askotan baztertuta eta marjinatuta sentitzen dira. Azken finean, euskara gutxi dakitenak edo euskararik ez dakitenak gutxiengoa dira, eta euskara dezente erabiltzen da.

6. Nolakoa da Zarautzen hitz egiten den
euskara?
Zarautzen Gipuzkoako euskalkia erabiltzen da. Egia da Zarauzko bertako azentua existitzen dela, eta hemengo edonork nabari ditzake zarauztarren, getariarren eta oriotarren arteko azentu-desberdintasunak, nahiz eta herriak elkarrengandik kilometro gutxira dauden. Hitz batzuk Zarautzen bakarrik erabiltzen dira, esaterako, "txaparroa" (bainujantzia). Gaztelaniak eragin handia izan du euskaran, baina azken bi hamarkadetan, estandarizatu berria den Euskara Batuak ere eragin handia izan du. Hezkuntzak eta telebistak goitik behera aldatu dute hizkuntza hiztegi- eta gramatika-aldetik, eta euskarak edozein pentsaera edo ideia moderno adierazteko balio dezakeela sinesteko konfiantza ekarri dute. Forma alokutiboen erabilerak ("hika" edo "hiketa") bizirik dirau Zarauzko euskaran. Forma konplexua da “hika”: pertsona batekin hitz egiten ari garenean, pertsona hori sartzen da aditzean. Jarraian fenomeno horren azalpen labur bat dator, gainetik egindako azalpena.
Esaterako, ingelesez honela esango genuke:
1. Nepal is in a difficult situation (Nepal egoera zailean dago), eta gure solaskidea sartu nahiko bagenu, honela esango genuke: 2. You've got a difficult situation in Nepal (Egoera zaila duzue Nepalen). Euskaraz, berriz, pertsona aditzari lotzen zaio. 3. Bihar etorriko dira (forma neutroa) 4. Bihar etorriko dituk (forma alokutiboa) 5. Badatoz 6. Bazetozek ("ek" markak solaskidearen generoa adierazten du) Pixka bat konplexua gerta daiteke baina benetan liluragarria da.
7. Zarautzek hain atsegina dirudi, hain perfektua, baina arazoak ere
egongo dira, ezta?
Lehen begiratuan, Zarautzek herri perfektua dirudi. Ez dago auzo pobrerik edo pobrezia-gunerik, kaleak ongi zainduta daude, parke zoragarri asko daude, luxuzko denda ugari, taberna eta jatetxe ugari eta mendi berdeek eta itsaso urdinak inguratzen dute. Dena den, itxura liluragarri horren azpian, benetan hemen bizi direnek ere badituzte beren arazoak. Arazo handienak etxebizitzen prezio ikaragarriak, droga-kontsumoa eta gazteen arteko langabezia dira. Ia zarauztar guztiak etxebizitzetan edo apartamentuetan bizi dira, eta prezioak gutxitan izaten dira 250.000 eurotik beherakoak (300.000 dolar estatubatuar baino gehiago). Hori nahikoa ez balitz, diru-sarrerak normalean 25.000 eurotik beherakoak izaten dira. Ez dago matematikako doktorea izan beharrik jakiteko soldata onak dituztenentzat ere prezioak gehiegizkoak direla, nahiz eta ezkonduta egon eta bikoteko biak lanean ari eta soldata ona izan. Sarritan, gazteen aukera bakarra gurasoen babes sendoaz baliatzea izaten da, edo, bestela, apartamentu bat oinordetzan hartzea edo babes ofizialeko etxebizitza bat egokitzeko zortea izatea, baina, egia esan, ez daude asko. Azken 20 urteetan, etxebizitzen prezioak batez beste 10 aldiz handiago egin dira, eta soldatak, berriz, hiru aldiz handiago. Gazteen arteko langabezia arazo larria da, Europako leku gehienetan gertatzen den moduan. Arazorik handiena da gazteek ez dutela lan egonkorrik. Askotan epe laburrerako kontratuak eskaintzen dizkiete, eta ohikoa dena baino gutxiago ordaintzen diete. Maiz kontratu horiek (“zabor-kontratu" izenez ezagunak) sei hilabetean behin berritzen dira denboraldi jakin batean zehar, eta denboraldi hori amaitzean, ez da kontratua berritzen eta epe laburrerako kontratua eskaintzen diote beste gazte bati abantaila fiskalen etekinak jasotzeko. Lan-legeek ez diete uzten enpresei langileak edonola kaleratzen eta, beraz, enpresek ez dituzte langileak kontratatu nahi izaten, beldur direlako ezin izango ote dituzten haien soldatak ordaindu atzeraldi ekonomiko bat etorriz gero. Beraz, arazo kronikoa da eta konponbide konplexua du. Ironikoki, Zarautzen aberastasunak drogen arazoa ez amaitzea eragiten du. Gurasoek askotan paga horren zati bat drogetan gastatzen dute. Munduko beste leku askotan gertatzen den moduan, gazte horietako askok uste dute bizitza monotonoa dutela, zentzurik gabea, eta erraz erortzen dira drogak kontsumitzera bultzatzen dituztenen mende, bereziki, pertsonalitate sendoa ez dutenak. Badirudi “zona” izenez ezagutzen den gunean droga asko aurki daitekeela. Tamalgarria da droga-trafiko nazkagarri hori oraindik era drastikoan eta eraginkorrean ezabatu ez izana.
|